Irungo Ogasunaren iruzurra, kontu ezerosoa
Gipuzkoako Aldundiaren lehendakaritza duen alderdiarentzat ez da batere erosoa Irungo Ogasunaren iruzurraren auzia gaurkotasuneko gaia izatera itzuli izana. Gipuzkoako Ogasuneko foru diputatu Pello Gonzalezek (EA) atzo Ogasun eta finantza batzordean emandako informazioaren arabera, iruzurraren bigarren ikerketa fasean 1989 eta 2000 bitarteko hainbat espediente aztertu ondoren, baliteke haietan beste 600.000 euroko zorra antzeman izana. Hartara, iruzurra zortzi milioi eurotik gorakoa izan liteke. Izan ere, ez da kontu erosoa EAJrentzat, ikerketa muturreraino eramango zuela esan bazuen ere -eta horixe da egin behar duen gutxienekoa-, horrek ez baitu bederatzi urtean egin ez zuenagatiko erantzukizuna estaltzen; hala ere, egia da ez dela urte horietan Gipuzkoako Aldundiaren gobernuaren ardura politikoa izan zuen alderdi bakarra. Gaur Gipuzkoako Batzar Nagusiek erantzukizun politikoak argitzeko sortutako batzordeak zeregin horretan hasi beharko luke. Hala ere, gaurko erronda akusatu nagusirik gabe egin beharko du, Jose Maria Bravok esan baitzuen ez duela hara agertzeko asmorik. Ez da kontu erosoa, nonbait, eta horren erakusgarri izan liteke batzorde horretan Batzar Nagusietan ordezkaritza dutenek baino ezin parte hartzea eta aktak jasotzea, auzian zerikusia duen eragilea izan arren.