GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Denok galduan ez ateratzeko

Kontsumo Prezioen Indizearen azken igoera handia jakin ondoren, denetariko adierazpenak entzun genituen, baina enpresa eta finantzen munduko buruen pentsaera Presidente espainiarrarren Ekonomia Bulegoko zuzendariak adierazi zuen ondoenik: «kosta ahala kosta» saihestu behar da inflazio tasa soldatetara eramatea. Baina ez pentsa gizon horrek, Gobernu espainiarrak, banku jabeek eta enpresariek langileen ongizatea nahi ez dutenik; aitzitik, uste osoa dut, ahal izanez gero, beren poltsikotik kenduko luketela soldata horiek emendatzeko. Baina ez, soldaten igoerak ez da KPIarenaren parekoa izan behar, «denok galduan aterako baikinateke». Eta morroi horiek ezin dute eraman denok galtzea, are gutxiago langileek.

Antzeko arazo praktiko eta morala du Lakuako Gobernuak ere. Behin eta berriz agertu da Auzitegi Nazional espainola desagertzearen alde, eta euskal presoen sakabanaketaren kontra. Hala ere, Ertzaintzak, Gobernu horren agindupeko poliziak, behin eta berriz bidaltzen ditu euskal atxilotuak auzitegi horretara eta gero, maiz etxe horretako epaileek urruneko kartzela batera. Ez dirudi oso koherentea, baina horrek ere badu bere azalpena: hala egin ezean, denok galduan aterako ginateke (sakabanaketa presoen beraien onerako jarri omen zuten indarrean, gogoratzen?). Horregatik betearazten du hain modu zorrotzean batere gogoko ez duen legea. Gobernu horretako kideek, eurek bakarrik galduko balute, beren uste moralaren arabera jokatuko lukete, are legea urratuz; baina, handikien antzera, ezin dute eraman denok galtzea, are gutxiago legeak bereziki babesten dituen herritarrak: presoak, disidenteak, pobreak, ahulak...

Eta torturatuak. Mattin Sarasolaren argazkiak eragiten dituen sentsazioak, ordea, ez da komeni adieraztea. Haren amari ez litzaioke besarkatzeko gogorik egin behar. Legeak bere bideari jarraitzen dio eta epaileak esan arte ezin esan torturatu dutela. Haren gorputzeko ubeldurak legearen salatzaile dira; beraz, hobe denon begietara agertu ez balira, denon onerako, jakina. Lasaiago gosalduko genukeen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo