Kako auzian jendarmeen atxiloketen zain daude Larrañagaren babesleak
ENERITZ ZABALETA |
Kako etxaldearen aferan, gero eta «zurrumurru ozenagoak» izanik, Larrañaga bikotearen sostengatzaileak «jendarmeen zain» daudela eta manipulazioa gelditzeko eskatu zuten atzo.
Izan ere, iragan astean, Larrañaga familiaren alde Donapaulen egindako elkarretaratzean istiluak gertatu ziren, eta jendarmeek aste hasiera honetan auzi horretan atxiloketak eginen dituztela jakin ahal izan dute. Horren aitzinean, sostengu kolektibo irudia eman nahi izan zuten elkarretaratzean parte hartutako hainbat kidek atzo egindako agerraldian.
Sostengatzaileen kezkak iragan ostegunean areagotu ziren, Nicolas Sarkozyk euskaldunei arrazista deitu zien adierazpen batzuetan; ETAren Capbretoneko atentatua eta Donapaulen Kakoren aferan egindako elkarretaratzea nahasi zituen adierazpen horietan.
Atzo sostengatzaileek zehaztu nahi izan zuten, afera honetan, azken bi urteetan etxalde batean lanean ari den laborari bikote baten defentsan jardun dutela, SAFEM erakundeak, etxaldea erosi eta Larrañaga bikotea kanporatu nahi zuela-eta. Atxiloketak «kriminalizazio saiakera» bat direla salatu zuten.