Berezkoak Buruz Burukoa
Aranburuk eta Waltarik bigarren fasea jokatzeko txartela dute jokoan
Jon LEUNDA | BAIONA
Ezpeletan amaituko da gaur Buruz Buruko lehen fasea. Hasiera batean bi partida iragarri baziren ere, bakarra jokatuko da. Izan ere, Larretxeak ez baitu jokatuko, orain dela bi aste GARAk aurreratu zuen moduan, min hartuta dagoelako, eta hori dela-eta, Jean Claude Dermitek aurrera egingo du.
Jaialdia 17.00etan hasiko da, eta bigarren partidan jokatuko da txapelketa. Bertan, Waltari eta Aranburu neurtuko dira nor baino nor. Kubatarrarentzat, hirugarren partida izango da, orain arte Alfaro eta Etxeberri utzi baititu bazterrean. Aranbururentzat, aldiz, lehen kanporaketa da, aurrekoa jokatu gabe gainditu baitzuen, Rene Dermitek uko egin behar izan baitzion jokatzeari min hartuta zelako.
Ikusitakoaren arabera, Waltari izango da gaurko partida irabazteko faboritoa. Aranburuk eskarmentu handia du, eta goi mailan ibilitakoa bada ere, adinak ez du barkatzen. Hala ere, irabazteko itxaropenik ez du galtzen. Horretarako, ordea, hasieratik tinko eutsi beharko die Waltariren erasoei, eta gero partida luzatzen ahalegindu. Hori lortzen badu, irabazteko aukerak izango ditu, baina hori egiten ere izango ditu lanak, amerikarrak argi utzi baitu sasoi betean dagoela.
Ligaxka
Bigarren fasea igandean hasiko da, eta multzoak ere erabakita daude. Lehen multzoan, Ezkurra II.a, Etxeto, Sorhuet eta gaurko irabazlea izango dira, eta bigarrenean, berriz, Ozafrain, Kurutxari, Idiart eta Jean Claude Dermit arituko dira.