Guillermo del Toro mexikarra «Hobbit» filma zuzentzeko ahaleginetan ari da
«Hobbit» J.R. Tolkienek «Eraztunen jauna» ospetsuan jorratzen duen istorioaren aurrekaria biltzen duen eleberria da. Bigarren zatia bezala, hau ere zinemara eraman nahi dute, eta del Toro izan liteke zuzendaria.
GARA | LOS ANGELES
Mexikoko Guillermo del Toro zinemagilea «Hobbit»aren inguruan jarraian errodatuko diren bi filmak zuzentzeko negoziazio lanetan ari da New Line eta MGM ekoiztetxeekin. «Hobbit» J.R. Tolkienen eleberria da eta «Eraztunen jauna» ospetsuak ardatz duen istorioaren aurrekaria da.
«The Hollywood Reporter» aldizkariak zabaldu duenaren arabera, del Toro beste zuzendari gutxi batzurekin batera lehiatu beharko da lana bereganatzeko.
Abenduaren erdialdean, Peter Jackson zinemagileak -«Eraztunen jauna»ren hiru pelikulen zuzendariak- «Hobbit» filma zuzenduko ez zuela jakin eta egun batera, mexikarrak berarentzat filma zuzentzea «ohore» bat izango litzatekeela esan zuen. Del Torok irakurri duen J.R. Tolkienen liburu bakarra «Hobbit» dela esan zuen. «`Eraztunen jauna' trilogia osorik irakurtzeko ahalegina egin nuen. Ezin izan nuen. Oso mamitsuak dira. `Hobbit' erosi nuen orduan, irakurri eta asko gustatu zitzaidan. Beraz, ohore bat izango litzateke niretzat filma zuzendu ahal izatea. Oraintxe, `Hellboy II' egin eta gero, lanik gabe nago», adierazi zuen abendu erdialdean.
Aipatu beharra dago del Torok fantasia generoan lan asko egin duela; bere lanen artean daude «Cronos», «El laberinto del fauno», «Hellboy»ren bi zatiak eta «Blade 2».
Hasiera batean, Peter Jacksonek zuzendu behar zuen filma, baina lanaren etekinen banaketaren inguruan estudioekin izandako liskarrek bertan behera utzi zuten asmoa.
Hori bai, Hollywoodeko gidoilariek azaroaren 5an hasi zuten greba dela-eta oraindik ez dakite noren esku geratuko den bi filmen gidoiak idaztea.