GARA > Idatzia > Gutunak

Idoia Ibero EAE-ANVko batzarkidea

Agur eta ohore, Endika Iztueta

Albiste triste batek kolpatu berri gaitu: Endika Iztueta santurtziarra hil egin da. Euskal Herritik urrun hil da, Cabo Verden hain zuzen ere. 22 urte dira Endika bertan deportaturik zela. Aurretik Euskal Herritik ihes egin behar izan zuen. 1985ean Gobernu frantziarrak Aljeriatik Cabo Verdera eraman zuen, hamar kiderekin batera. Urte hauetan Endikak lortu du, ahal izan duen eran, Cabo Verdeko bizimolde arrotzera egokitzea, eta familia ere osatu du, bertako bikotekidearekin eta alabarekin batera. Horretaz gain, Praia hiriburuko ospital batean egiten zuen lan. Endikak osasun-arazorik ez du izan, eta ustekabean hil da, inork espero gabe, gazte.

Endika Iztueta Espainiak eta Frantziak diseinaturiko politika errepresiboaren biktima bat gehiago da. Endika zoritxarrez ehunka euskal militanteekin eta presoak bisitatzera joatean hildako senideekin batera euskal politikari batzuentzat hain garrantzitsuak ez diren «hildakoen zerrendan» sartuko da.

Hankak lurrean ditugu, eta ez ditugu ez euskal alderdi politikoak ez hedabide gehienak irudikatzen heriotza hau gaitzesten. Eta penaz esaten dugu; hala ere, Azkarate andreari eskatu nahi gehioke ez ditzala errepika Natividad Junko senide hil berriarekin esandako hitz iraingarri eta mingarriak. Guk ozen jarraituko dugu esaten horiek -Endikarena- heriotza naturalak ez direla, inondik inora. Eta hori bezain indartsu esan nahi dugu batetik, Endika bezalako militanteak eredu direla guretzat; eta bestetik, Endika bezalako militanteak direla konponbidearen alde gehien eman dutenak, erarik konprometituenean guztia eman dutenak. Ez genuke bukatu nahi besarkada bero bat igorri gabe Endikaren senide eta lagun guztiei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo