GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Olatz Miranda Solano EGKren Gipuzkoako koordinatzailea eta Bizi Alai Taldeetako kidea

Lehen kanpamentua zegoen tokian, orain abenturazko parkea

Gure kanpamentuak eskaintzen jarraituko duena zer den uste osoz esan dezaket: talde bizikidetza, eguneroko gatazkak kudeatzeko estrategiak, bizipen ahaztezinak...

Nork esan, aurreko udan, kanpamentuaz gozatzen genuenean, aurten ez genuela horretarako aukerarik izango, ez behintzat, azken 20 urteotan kokatu izan dugun leku berean? Ezin izango gara bertara itzuli, ezin izango ditugu dendak, sukaldea, jantokia... leku berean jarri, ezin izango dugu espazio berezi horretaz gozatu, ezta ere bertako oroitzapenez bertan oroitu.

Kanpamentu baten esperientzia bizi izan ez duenak, agian, ez ditu nire etsipena eta tristura ulertuko. Horrelako esperientzia bat bizi izan duenak, berriz, zenbat jaso dudan eta zenbat bete izan nauen jakingo du, seguru asko. Ez dut gertaera horren aurrean eskuak gurutzatuta geratu nahi, eta gertaera aldatzea lortuko ez badugu ere, hori salatzea badagokigu behintzat.

Hitz gutxitan laburtzeko: orain arte kanpamentua egiten genuen leku berean abenturazko parke bat eraikitzen hasiak dira. Aukera berria, erakargarriagoa agian, nork daki? Hori bai, ordezkoa inondik inora, izan ere, berria bertan kokatzeko aurretik burutzen zena lekuz kanpo utzi baitute. Abenturazko parkea eraikitzeko, 20 urtean bertan egin izan den kanpamentua lekurik gabe utzi dute. Hori guztia abenturazko parkearen arduradunek kanpamentukoekin ezer aztertu eta adostu gabe.

Parkea eraikitzeko arrazoietan eta hori legitimatuko luketen argudiotan sartu gabe, ziur bainago lurren jabetzak, jarduera burutzetik aurreikusi diren etekin ekonomikoak edota udalaren autonomiak horretarako eskubidea ematen dutela, elkarte batek urteetan kudeatu izan duen espazio hori defendatzea beharrezko egiten zait. Beharrezko egiten zait, dinamika horren helburu eta lorpenak azpimarratzea eta horrelako prozesuak beste modu batean kudea daitezela exijitzea. Izan ere, gertaeraren berri egun batetik bestera izan baitugu, gure dinamika defendatzeko eta elkarrekin irtenbide bat bilatzeko aukerarik gabe. Obrak hasiak dira, kanpin dendak kokatzen ziren zelaian eraikuntzako tresnak daude. Hainbestetan azpimarratu izan diguten inguruaren zaintza ahaztu egin dute, inguruko zuhaitzetan egurrezko egiturak kokatzeko iltzeak bata bestearen atzetik zulatu dituzte.

Behin abenturazko parkea eraikita dagoenean, azken urteotan bezala, haur eta gazteak espazio berri horretan bilduko direla pentsatzen dut. Denbora hori nola biziko duten, ordea, ez dut nik esango. Ondo pasako dute akaso, agian, naturaz gozatuko dute, lagun berriak egingo dituzte... Gure kanpamentuak eskaintzen jarraituko duena zer den, berriz, uste osoz eta harrotasunez esan dezaket: talde bizikidetza, elkarrekiko errespetua, bizitza osorako lagunak egiteko aukera, eguneroko gatazkak kudeatzeko estrategiak, bizipen ahaztezinak...

Hori defendatzeko aukerik gabe, bizitzarik gabeko egitura berria eraikitzen dutela ikusi behar dugu, gure barne haserrea eta 20 urteotan eraikitakoa bildu eta beste toki baten bila joan beharko dugu. Baso horretatik hurbil, agian, beste leku batean baina ilusio eta gogo berarekin. Indar handiagoz akaso, burutzen dugun lana ordezkaezina dela inoiz baino argiago dugula, gure kanpamentutik igaro diren milaka gazteren ibilbidea bizkarrean daramagula.

Ibilbide luzeak balioztatzeko eta borondatezko jarduerei heltzeko gai ez diren horiek jarrai dezatela abenturazko parkeetan sokak eta iltzeak sendo finkatzen, geuk ere jarraituko dugu bestelako ibilbide osagarri eta hezitzaileak eraikitzen eta ematen diren gertaera onartezinak salatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo