Anjel Figeroa ospitalean da berriz, lau epilepsia krisialdi izan ondoren
GARA |
Anjel Figeroa preso politiko algortarra Txagorritxuko erietxera eraman dute beste behin ere, lau epilepsia krisialdi sufritu ondoren.
Figeroaren amak astelehen iluntzean jakin zuen semea ospitaleratu zutela; ez zioten esan ordea, noiz eraman zuten Txagorritxura. Jakinarazi zioten bakarra, igande gauean Langraitzeko presondegian zegoela jasan zituela lau epilepsia krisialdiak.
Anjel Kalera! herri ekimenak azaldu duenez, bere senideek igandean ikusi zuten azken aldiz Figeroa, eta bisita horretan bertan «txarto» ikusi omen zuten algortarra.
Joan den abenduaren 29an ere, bi krisialdi larri izan ondoren, ospitaleratu behar izan zuten Figeroa eta haren egoera larria zela-eta hilabete inguru igaro zuen Txagorritxuko ospitalean.
Oraingoan, astebete besterik ez zeraman Langraitzeko presondegian eta herri ekimenak salatu duenez, «genituen kezkak eta beldurrak bete egin dira». Ospitalean, Figeroa lasai zegoela uste du ekimenak; espetxean ordea, «bertako baldintzek bere egoera larriagotu besterik ez dutela egiten» salatu dute.
Anjel Kalera! herri ekimenak inoiz baino garrantzitsuago dela dio algortarraren aldeko ekimenetan parte hartzea, eta hainbat mobilizazioen berri eman du. Besteak beste, astero bezala eta ostirala bitartean, Etxeratek elkarretaratzea egingo du 20.00etan Telletxe plazan.
92. artikulua
Osasunaren eskubidea «zor» zaiola deritzo Getxoko ekimen horrek eta Zigor Kode espainolaren 92. artikulua betetzeko eskatu dute. «Anjel bizirik eta kalean nahi dugulako», azpimarratu du herri ekimenak.
Anjel Figeroak 37 urte ditu eta 1994tik preso dago. Epilepsia krisiak izan ohi ditu eta azterketa mediku ugariren ostean epilepsia tenporala eta eskuinaldeko esklerosi mesiala duela jakinarazi diote. Gaixotasun larriak eta sendaezinak dira.
Egoera hau salatzeko Getxoko herritarrek osatzen duten Anjel kalera! herri ekimenak sinadura bilketa bat abian du, haren askatasuna galdegiten.