GARA > Idatzia > Euskal Herria

Soin Heziketako irakasleen greba izango da otsailaren 11n

GARA |

Soin Heziketaren Aldeko Taldeak (SOHAT) greba deialdia egin du datorren hilaren 11rako. Horrela iragarri zuten atzo taldeko ordezkariek Bilbon egindako agerraldian. Modu horretan, soin-heziketa orduak murrizteko asmoa eta Hezkuntzako agintarien jarrera itxia salatuko dituzte.

Iazko maiatzean Lakuako Hezkuntza Departamentuak curriculum zirriborroa aurkeztu zuen eta bertan «soin-heziketaren orduak, Lehen Hezkuntzan %40ra eta Bigarren Hezkuntzan %37ra murrizten zituztela jakinarazi» zuen. Murrizketa hori ekiditeko Hezkuntza Departamentuarekin bildu eta proposamen bat mahaigaineratu zuten; halaber, SOHAT osatu zuten eta soin-heziketaren aldeko manifestuaren atxikimendu sinadura-bilketari ekin zioten, «gizartea informatu eta sentsibilizatzeko» asmoz. 75.000 sinadura, 200 kirolariren atxikimendua eta hainbat ikastetxetako klaustroen babesa ere jaso dute.

Hala eta guztiz ere, taldeko ordezkariek jakitera eman zutenez, Hezkuntza Departamentuko hainbat kiderekin elkartu ziren orain dela hamabost egun eta dekretu hori ez dutela inolaz ere aldatuko jakinarazi zieten.

Beste behin nabarmendu zuten atzoko agerraldian, soin-heziketa orduen murrizketaren ondorioak umeek eta gazteek jasango dituztela, eta gogora ekarri zuten «orain dela 13 urte Hezkuntzako Departamendu berak dekretua atera ondoren hausnarketa egin eta hura aldatzeko eta Soin Heziketa indartzeko erabakia» hartu zuela, «curriculumean ezarri zituzten helburuak eta gaitasunak lortu ezinak zirelako saio bakar batekin». Horregatik galdegiten dute orain «curriculuma maila teorikoan hobetu den honetan» murrizketarekin nola erdietsi ahal izango diren zehaztu diren konpetentziak.

Greba deialdiaz gain, otsailaren 11 bitartean Soin-Heziketako eskolak bertan behera utziko dituztela esan zuten, «Hezkuntza Departamentuak indartu nahi dituen arlo nagusiagoak lantzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo