Enaitz Iriondo hil zuen gidariak jarritako salaketa aztertuko dute gaur
Bizikletaz zihoala auto batek jota hil zen Enaitz Iriondo gaztearen familiak ikustaldi bati egin beharko dio aurre gaur Haroko Epaitegian, Errioxan, istripua eragin zuen gidariak 20.000 euro eskatzen baitizkie hautsitako autoa eta haren ordez erabilitakoa ordaintzeko.
GARA |
Enaitz Iriondoren amaren sentipenak daude bilduta Stopaccidentes.org webgunean. Bertan esaten denez, «kalbarioa» pasatzen ari dira eta ez dute sinesten inor hain bihotz gabea izan daitekeenik, norbait autoaz harrapatu eta gainera, autoak izandako kalteengatik ordainak eska- tzeko, «istripua hilgarria izatearen erantzukizun bakarra berea denean», 17 urteko semea jo zuen autoaren gidariarena, alegia. «Ez dugu sinetsi nahi Justiziak bizkarra emango digunik eta badakigu jende asko dagoela gurekin. Beraien babesa eskertu nahi dugu», gaineratzen du Rosa Trinidadek .
Stop Accidentes elkartearekin batera, Enaitz Iriondoren sendiak helegite bat jarri du Auzitegi Konstituzional espainolean. Adituen txostenek diotenez, txirrindularia jo zuen gidaria 173,90 kilometro orduko abiaduran zihoan baimendutako ge- hienezkoa 90 kilometro ordukoa duen errepide batetik.
Aipatutako webgunean amak azaltzen duenez, 2004ko abuztu bukaeran oporretaz gozatzen ari ziren Castañares (Errioxa) herriko kanpinean eta semea bizikletan ibiltzera ateratzen zen lagunekin, inguru hartako zirkulazioa ez baitzen handia. Hilaren 26an kanpinera bueltan zetorren, bi kilometrora dagoen herrian egon eta gero. Trinidadek zehazten duenez, LR-111 bigarren mailako errepidearen paraleloa den bide batetik heldu zen, baina LR-111 errepidera ateratzean «abiadura handian zihoan auto gidari batek jo eta hil egin zuen». Balaztadaren aztarnak ia urtebetez han egon zirela baieztatzen du aditu batek egindako txosten teknikoak.
Lan beretik ondoriozta daiteke kolpea ez zela txirrindularia LR-111 errepidera sartzeko unean gertatu, jada metro batzuk eginda zituenean baizik. «173,9 kilometro orduko abiaduran segundoko 44,4 metro egiten dira. Eta zoritxarrez atestatuak dioenaren aurkako datua da hau».
Txostenean azaldutakoaren arabera, talka gogor hark gaztea 18 metrotik gora bota zuen airean, errepidean bazterrean zeuden kale argiak ere gaindituz.
«Abiadurari garrantzirik ez»
Amak salatzen duenez, istripuaren argitze-agirian ez zitzaion batere garrantzirik eman autoaren abiadurari eta Enaitz kaskorik eta txalekorik gabe zihoala nabarmendu zen.
Gainera, gidariari alkoholemia froga istripua gertatu eta ordu eta erdi geroago egin zitzaion eta litroko 0,15 miligramoko tasa eman zuen. Zenbaki hori legeak ezarritako mugatik oso gertu dago (0,25 mg litroko). «Kontrola ordu eta erdi geroago egin zela kontuan hartuta, zer pentsatu asko ematen du horrek. Widmark koefizientearen arabera, gidariari analisia berehala egin izan balitzaio, tasak muga gaindituko luke», azaltzen du amak. Zer pentsatua ere ematen dio gertaeraren larria ikusita beste droga analisirik ez egin izanak.
Gidariak 14.000 euro eskatzen dizkie Enaitz Iriondoren senitartekoei autoko kalteengatik, eta beste 6.000 lanera joateko ordezko ibilgailu bat erabili behar izan duen denborarengatik.
Enaitz Iriondo hil eta hilabetera, 2004ko irailaren 22an, prozedura edo auzi kriminala amaitutzat eman zela jakinarazi zitzaion familiari eta «hiru egun soilik» utzi zizkioten helegitea jartzeko. «Stopaccidentes.org» webgunean adierazten dutenez, lur jota zeuden, ez zekiten nora jo, ez zuten erreakzionatzeko denborarik izan eta ekintza penalak artxibatu zituzten beren nahiaren kontra. Hilabete batzuk geroago, Enaitz Iriondoren senitartekoen eta auto gidariaren aseguru etxeak harremanetan jarri ziren eta «alde bakoitzak bere errua onartu zuen». Hala, akordio bat lortu zuten. Hildako mutil gaztearen gurasoek argitzen dutenez, «ez gara inoiz ados egon akordioaren edukiarekin, baina gure bizitzako atal tragiko hau itxi eta aurrera jarraitu ahal izateko onartu genuen». 2006ko martxoaren 3an, «geure bizitzak berregiten saiatzen ari ginenean, semea harrapatu zuen gidariak salaketa bat jarri zuela jakinarazi ziguten gure harridura eta haserrerako», adierazten dute familiartekoek webgunean. Eurentzat «gaitzigarriagoa da oraindik» gertatutakoagatik gidariari isunen bat edo bertzelako zigorren bat ezarri diotenaren inguruko berririk ez izatea.
Iriondoren familiak jakin duenez, gidariak abokatu pila batengana jo behar izan du, salatzaileak erakutsitako «etika eta moral urria» zela-eta inork ez zuelako kasuaz arduratu nahi.