«Keixeta» margolariak paperari omenaldia egin nahi izan dio Donostian duen erakusketan
Txiki Agirre Garate «Keixeta»ren azken erakusketak papera du protagonista. Tamaina handiko hamalau lan abstraktu bildu ditu Okendo Kultur Etxean material industrialekin lan egiten duen artista honek.
Rebeka CALVO | DONOSTIA
Donostiako Okendo Kultur Etxeak martxoaren 29ra arte ikusgai duen erakusketak egunerokotasunean oso ohikoa den material bati egiten dio omenaldia, paperari, alegia. Erakusketaren egileak berak, Txiki Agirre Garate, Keixetak, ere horrela adierazi zuen aurkezpenean. «Harreman berezia dut paperarekin, paperak berak agintzen dit nora jo», esan zuen horren harira margolariak. Erakusketaren protagonista nagusia, hortaz, papera bera da eta ikuslea beste edozerekin arrastoa ez galtzeko estandarte moduan aurkeztu ditu lanak artistak. «Papera bera protagonista izateko martxarda hutsez eutsi nahi izan ditut obretako asko», argitu zuen.
Antolatzaileek «Paperean» izena eman diote erakusketari, nahiz eta egileak ez dion izenburu zehatzik jarri nahi izan. «Ez du izenburu zehatzik, baina egia da paperari omenaldi moduko bat egin nahi izan diodala oraingoan», esan zuen Keixetak.
Ez da paperarekin lan egiten duen lehendabiziko aldia hala ere, beti erabili izan baitu material hori: «Askatasuna ematen dit, eroso sentitzen naiz paperarekin lan egiten. Hasierako urteetan ekonomiagatik egiten nuen, merkeagoa delako. Baina gaur egun honekin lan egitera ohitu naiz».
Keixetak lan egiteko orduan duen moduak idazle baten lanarekin antzekotasunak ditu. Izan ere, lehenik eta behin, zurian dagoen papera hartzen du, lurrean zabaldu, eta hortik hasten da sormen prozesu guztia. Hurrengo pausoa, bertikalean jartzea da, eta orduan ikusten du artistak zer kendu edo gehitu behar dion lanari.
«Ikusleak bukatzen du lana»
Lanerako erabiltzen dituen materialak erabat industrialak dira gainera, ia emaitzan antzeman daitezkeen «paisaia» horien modukoak.
«Paisaia modukoak marrazten ditut, beharbada paisaia industrialak ere gogoratu ahal dutenak, baina ez halabeharrez. Nik toki bat irudikatzen dut, bidaiatzeko toki bat. Nik hasten dut lana, baina ikusleak bukatzen du, berak egiten duen interpretazioarekin», azaldu zuen Arroako artistak.
Aipatutako materialak, industrian eta inprentetan erabili ohi diren paper bobina handiak eta tinta sintetikoak -akuarelen efektua egiten dutenak- dira.
Eta emaitzak aldiz, tamaina handiko lan koloretsuak dira. «Lan abstraktuak egiten ditut, inoiz egin izan dut lan figuratiborik, baina gehienetan abstrakziora jotzen dut», esan zuen.
Okendo Kultur Etxean ikus daitezkeen hamalau artelanak bereziki erakusketa honetarako egin ditu Keixetak. «2007ko uztailean Zumaian beste erakusketa batean lanean ari nintzela jaso nuen honetan parte hartzeko gonbita, eta orduan hasi nintzen lan hauekin», argitu zuen.
Erakusketa martxoaren 29ra arte egongo da ikusgai, baina Donostiara gerturatzerik ez duenak badu artelan hauek guztiak etxetik ikusteko aukerarik ere. Interneteko www.keixeta.com helbidean Okendora bidaia birtuala egiteko aukera ere badago.
Txiki Agirre Garate, Keixeta, 17 urte zituela hasi zen arte lanetan. Goizez elektronika ikasten zuen Eibarren eta arratsaldez, berriz, zeramika. Zenbait urtez eskulturak egiten aritu ondoren, 23 urte zituela hasi zen margotzen.
Artista: Txiki Agirre Garate, Keixeta.
Lekua: Donostiako Okendo Kultur Etxean (Gros auzoko Nafarroa Etorbidea, 7).
Ordutegia: Astelehenetik ostiralera 10.00etatik 14.00etara, eta 16.00etatik 20.30era. Larunbatetan 10.00etatik 14.00etara eta 16.30tik 20.00etara. Igandeetan ez dago zabalik.
Data: Martxoaren 29ra bitarte.