GARA > Idatzia > Alaves

Top 14

Avironek eta Biarritzek gorantz egiteko aukera dute

Avironek Auch hartuko du eta Biarritz, berriz, Clermonten zelaian arituko da

p042_f01.jpg

Jon LEUNDA | BAIONA

Sei Nazioarteko lehiaketak, eragina izango du Top 14ko talderik garrantzitsuenen artean, eta maila apalagokoek aukera izango dute handiak estu hartzeko. Mailan dabiltzan bi euskal taldeetatik, Avironek bakarrik jokatuko du etxean, eta Biarritzek Agileratik at jokatu beharko du.

Aviron oso denboraldi ona egiten ari da eta etxean behintzat, oso indartsu agertzen da, nahiz eta Jean Dauguerretik kanpo jokatzen duenean bere maila apur bat jaisten den. Zuri-urdinek gaur jokatuko dute etxean, Jean Dauguer zelaian, Auch taldearen aurka, 17.30ean hasita.

Zuri-urdinek bost puntuak biltzeko aukera paregabea dute, sailkapeneko azkenekoaren aurka jokatuko baitute. Frantziarrek orain arte jokatutako zazpi partidetatik bakarra irabazi dute, eta beste guztiak galdu egin dituzte; Avironek bere zaleen aurrean ezin du gaur hutsik egin jokoko lau puntuak eta erasoko gehigarria eskuratzeko.

Lapurdiko hiriburukoek, gainera, joan den larunbateko partidan gertaturikoa ahalik eta azkarren ahaztu nahi dute; lehendabiziko zati polit baten ostean bigarren zati negargarria egin baitzuten. Gaur bere zaleen aurrean garaipena erdietsi nahi dute. Gaur Baionan aurrez aurre izango diren bi taldeetako bati ere ez dio Sei Nazioarteko torneoak eragingo, eta jokalari garrantzitsu guztiak prest izango dituzte.

Bihar, 21.00etatik aurrera, berriz, Biarritzek jokatuko du Clermonten zelaian. Bi talde hauek nabarituko dute selekzioen lehiaketa, zenbait jokalari faltan izango baitituzte.

Frantziako Canal + telebista kateak eskainiko duen neurketa hau asteburu honetako partidarik erakargarriena izango da, Liga irabazteko bi hautagai aurrez aurre izango baitira. Clermont une honetan sailkapeneko bigarren postuan dago, eta puntu bat besterik ez dio kentzen Biarritzi. Lapurtarrak ez dira denboraldi ona egiten ari, baina azkenaldian neurketak irabazten ari dira, eta goialdean sartuta daude; bihar irabazita, gainera, bigarren postuan ere jar daitezke.

Galtzen badute, eta atzetik dituen taldeek irabazten baldin badute, berriz, seigarren posturaino ere jaits daitezke. Beraz, horrek garbi uzten du lehen postu hauetan gauzak zein estu dauden. Tolosa dago lehen postuan, honek gainerakoei aldea ateratzen die, baina besteak parean dabiltza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo