GARA > Idatzia > Errugbia

Ohorezko maila | Liga

Irabazteko moduko norgehiagokak dituzte mailako hiru euskal taldeek

J.L. | DONOSTIA

Irabazteko moduko norgehiagokak izango dituzte asteburu honetan Ohorezko Mailan dabiltzan hiru taldeek eta puntuak batzea, gainera, denentzat izango da garrantzitsua.

Hiruretatik etxean arituko den bakarra, Spyro Bera Bera izango da. Gipuzkoarrek Alcobendas hartuko dute Donostian, bihar 12.00etatik aurrera. Gipuzkoarrentzat beharrezkoak dira puntuak. Hori lortzen badute mailari eusteko urrats handi bat emango dute eta aurkari zuzen bat oso atzean utziko lukete. Ordiziari ere mesede galanta egingo lioke. Galduko balute, egoera dezente okertuko litzaieke donostiarrei.

Oren erdi bat beranduago, Ampo Ordiziak Santboianaren zelaian jokatuko du. Gipuzkoarrak jaitsierako postuetan daude une honetan, eta Katalunian irabaztea derrigorrezkoa dute, bere helburuekin aurrera jarraitu nahi badute.

Puntu bat behar dute gutxienez, baina lau lortzen badituzte hobe. Horrela, jaitsierako postutik irteteko aukera handia izango bailukete, eta Sanboiana ere hortxe zuloan sartuko lukete. Osterantzean, Bartzelonak ihes egingo lioke Ampo Ordiziari, eta atzeko postuan jarraitu beharko lukete.

Ordu berean Getxo Arteak Valladoliden jokatuko du. Bizkaitarrak sasoi betean dabiltza, eta irabazten badute goiko postuetan finkatuko dira.

Valladolid taldea postu bat atzerago dute, eta bihar irabazten ez badute, horiei aurre hartuko die. Garaipena lortuko balute, berriz, aldea handitu egingo lukete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo