GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | Baleontzia Euskal Herrira itzuli da

Zokoako Itsas Begia elkarteak baleontzia jaso du Arroxelatik

tsas Begia, itsasoko ontzi eta gailu historikoak biltzen eta zaintzen dituen elkarteak, Euskal Herrian tradizio luzea duen baleontzia jaso du Arroxelako Itsas Museoak emanda. Zokoatarren helburua, ontzia zaindu, eta etorkizunean balea arrantzaren historia ludikoki esplikatzeko erabiltzea da. I

p045_f01.jpg

Eneritz ZABALETA

Desmuntatze eta muntaketa goiza izan zuten atzo Ziburuko Itsas Begia elkarteko kideek, Zokoako portuan. Izan ere, Herenegun Arroxelatik, Etcheto enpresak prestatutako kamioi batean, artatze guztiekin sartutako baleontzia Euskal Herrian deskargatzeko unea izan zen. Oso hunkituta zeuden Ziburuko arrantza eta itsasoaren ondareaz arduratzen den elkartearen kideak: «Euskal Herriko arrantzaleen historiako jarduera garrantzitsuenetariko izan zen balea arrantza. Baleontzia berreskuratuz, euskal arrantzaren historia garrantzitsu bat kontatzen ahalko dugu. Euskaldunak izan ziren balea arrantzatzen lehenetarikoak. Eta euskal arrantzaleak izan ziren balea arrantzaren maisu eta erreferentzia. Ontzien eraikuntzan euskal arrantzaleen jakituria Europa osora hedatu zen», zehaztu zigun Antton Goikoetxea Itsas Begiako kideak.

Azore irletatik etorritako baleontzi hau euskal arrantzaleen jakituriaren transmisioaren miraila da. Nahiz eta ontzia berez Euskal Herrikoa ez izan, euskal arrantzaren arrastoak ederki ikusten ahal dira ontzian bertan eta eraikitzeko moldean.

Ontzia biziarazi nahi

Atzo Zokoan lanean aritu ziren 20 lagunek argi eta garbi zuten Arroxelako itsas museotik jasotako opariaren balioa. Arroxelako zuzendariak onartu zuenez «baleontzia ez zen Arroxelako itsas historian txertatzen, ez eta museoan landutako gaiei ere». Hori ikusirik, ziburutarren proposamena erraz onartu, eta Euskal Herrian dago jada ontzia.

Oraingoz, hala ere, Itsas Begiak Zokoako ezker paretaren ondoan duen garajean dago gordeta ontzia. Diru eskasiak beste aterabiderik gabe utzi du elkartea: «baliabide eskasia handia dugu. Baleontzia errezibitu ahal izateko, Getaria herriari, bertan arrantzatu zuen txalupa bat oparitu behar izan diogu», zehaztu digu Goikoetxeak. Hala ere, arazoak arazo, baleontzia «biziarazteko» helburua dute elkarteko kideek. Hurrengo hilabetean elkartu, eta erabaki beharko dute zein erabilera eman hain opari handiari. Baina, Goikoetxeak badu bere ideia: «ontzia biziarazi behar dugu. Sekulako tresna dugu, balea arrantzaren historia ludikoki esplikatzeko. Jendeari erakutsi behar diogu ontzia. Adibidez, haurrentzako muntatzeak egin ditzakegu. Haurrak ontzira igoarazi, ontziaren azpian baleak irudikatu, eta arrantza nola egiten zen azaldu. Haurrak aktore bihurtuz, euskal arrantzaren alderdi biziki garrantzitsu hori ezagutaraztea lortu behar dugu. Ontzia hemen da, guri dagokigu orain hura biziaraztea».

Horrelako ideiak buruan izanda, Itsas Begiak erabilera interesgarririk edirenen dio ontzi horri. Itsas museo bat eraiki aitzineko lehen pausoa? Hori da, bederen, itsasoaren ondarea aztertzen duen elkartearen helburua. Ziburun itsas museo bat egiteko proiektua aspalditik itzuli-mitzuli dabilen ideia da. Baina, Goikoetxeak erran zigunez, elkarteak lanerako gogo eta ilusioa soberan badu ere, sosa eskas du: «baliabide gutxiegi ditugu. Zokoako bilakaera ikusirik, gero eta lur gutxiago dago. Etxebizitza ugari eraiki dira, eta amaigabeko espiral batean gaude. Lurrak gutxitu ahala, gelditzen den apurra, gero eta garestiagoa da. Ondorioz, lur apur hori proiektu kultural batean, gure museoan, esaterako, inbertitzea oso beltz ikusten dut». Kultura ala espekulazioa? Horra martxoko hauteskundeei begirako galderetako bat.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo