Iraken, mendeku politika batetik haratago, okupazioa jomuga duen politika behar da
Atzo 72 pertsonatik gora hil ziren Bagdadeko bi merkatutan izandako leherketetan. Iturri guztien arabera, atzoko ekintza armatua azken urteko latzena izan da. Baina ez da aurten dozenaka hildako utzi dituen lehena, eta honelako gertaerak asteroko kontua dira Irak okupatuan.
Irakeko kasuan agerikoa da honezkero indar okupatzaileek ezin dutela gerra hasi zutenean amesten zuten behin betiko estatusa inposatu. Nolanahi ere, desiatzen duten alegiazko estatua eta gobernua inposatzeko adinako indarrik izan ez arren, herrialde horiek irtenbiderik gabeko egoerarantz bultzatzen ari dira egunez egun. Herria ezin dute menderatu, baina banatu dezakete. Batez ere, komunitateen arteko botere harremanak baldintzatzeko gai dira, horrek dituen ondorio guztiekin.
Adibidez, Husseinen aroan garai hartako AEBetako Administrazioak determinatu zituen Irakeko komunitateen arteko botere harremanak. Horrek ahalbidetu zuen, besteak beste, herri kurduaren genozidioa. Orain, okupazioaren ondorioz botere harremanak irauli dira. Alabaina, AEBetako Administrazioak botere harreman horien desoreka alde batera edo bestera bultzatzen duen indarra izaten jarraitzen du.
Kanpotik ikusita -eta, ondorioz, errespetu eta apaltasun handiz-, badirudi nazio askapen mugimenduek soilik eman diezaioketela benetako irtenbidea egoera honi. Egoerak berak kolonialismoaren aurkako borroka gogorarazten digulako, mende erdi beranduago bada ere. Arazoa honakoa da: kolonialismo gordinari jarraipena eman zion dominazio sistema sofistikatuak ezarritako muga antinaturalak mantentzean oinarritu zen. Horretarako komunitateetako bat besteen aurrean pribilegiatu zuten. Baina, aipatu bezala, okupazioetan beraiek ezarritako pribilegio horiek irauli dituzte. Horrek komunitateen arteko areriotasunak areagotu ditu, benetako etsaiaren figura lausotzeraino. Ondorioz, askapen borrokarekin nahasturik komunitateen arteko mendeku politikak azaltzen dira aldiro. Balorazio moraletan sartu gabe, atzoko ekintza politika horien adibide gisa uler daiteke.
Kolonialismoaren aurkako borrokan menderatuen artean interes kontrajarriak ere bazirela aipatu behar da. Horiek gainditzeko kanpoko eraginak neutralizatzen eta barne indarrak antolatzen asmatu behar da. Erronka zaila, gaur egun Irakek bizi duen egoera latza kontuan hartzen badugu.