GARA > Idatzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea

«Roma Proditoribus Non Praemia Solvit»

Hiru militarrak zur eta lur gelditu ziren beren traizioaren ordainarekin, erromatarren zerbitzura jarri ostean beren herria saltzeraino, ez urrerik, ez errekonozimendurik... Erromak traidoreei ordaintzen ez diela esan ostean, beraiek ere akabatu egin zituzten

Espainia oraindik Espainia ez zenean -Espainia ez baita betidanik existitu-, kris- tautasunik ere oraindik ez zenean -Jaungoikoa ere ez baita betidanik existitu, batzuek onartu gura ez badute ere-, Mediterraneoa bazen jadanik gutizia goxoa hainbat herrirentzat.

Orduan herri «barbaroak» ginen penintsulako biztanleak. Bertan, erromatarrek hartua zuten penintsula horretan eta banatuak zituzten probientzietako batean, Lusitanian, alegia, daukate sorburua bai kontakizun honek, bai eta Viriato izeneko «barbaroek» ere.

Viriato, gerrilla gerra bitarte, hainbat borrokalditan izan zen irabazle eta, horrelako ekintza gogoangarriek kezkaturik, Erromak erabaki zuen nola edo hala akabatu behar zuela artzain izandako gizon hura. Eta kezkagarrienak ez ziren erromatarrek galdutako lurraldeak, baizik eta garaipen horiek beste herri batzuetan hartua zuten ospeagatik, ez ote ziren beste herriak ere altxatuko adibide horri jarraituz.

Hori dela eta, arreta berezia jarri zuten Viriato gailentzeko. Eta armaz ahalegindu ziren. Hala ere, hasiera batean estrategia horrek balioko ziela zirudien arren, ez zen horrela suertatu. Viriato hegoalderantz erretiratu zen, baina handik urte bitara, indarberriturik, berriro ere ekin zion erasoaldiari eta, gainera, ez ziren gutxi izan betiko probintzian lortu zituen garaipenak.

Viriatok gero eta fama handiagoa zeukan eta, hortaz, gero eta jende gehiagok egiten zuen bat berarekin, hau da, Erromaren interesetarako mehatxu handia bihurtzen hasi zen. Hori zela eta, Servilianoren, Hispania Ulteriorreko kontsul erromatarraren, kontrako garaipen entzutetsuaren ondorioz, Erromak beste bide bat aztertu zuen Viriatorekin amaitu ahal izateko: paktua.

Horrela, bake ituna lortu zuen erromatarrekin Viriato lusoak. Horren arabera, konkistatutako lurraldeen gobernua eskuratu eta Erromak erreboltak lasaituko zituen. Baina Hispaniako kontsulek -eta Erromak berak azken batean- ezin zuten horrelako itunik onartu eta, denbora tartetxo bat pasatuta, ez zen balioko lukeen pax erromatarrik. Borrokaldiek jarraitu egin zuten.

Beste estrategiaren bat bilatuko zuten. Kanpotik ezin bazuten garaitu, barrutik ahaleginduko ziren. Eta orduan Cepión kontsulak abagune aproposa topatu zuen. Viriatoren hiru lugartenienteak, Ditalco, Audax eta Minurus, promesekin eta urrearen dirdiraz liluratu eta bereganatu zituen. K.a. 139. urtea zen eta hiru militarrak euren buruzagiarengana itzulita, traizioa egin zuten. Viriato lo zegoen bitartean akabatu egin zuten izarren azpian.

Zeregina ondo baino hobeto bete ostean, agindutako urrearen bila Cepión kontsularengana jo zuten. Eta hara non hiru militarrak zur eta lur gelditu ziren beren traizioaren ordainarekin -ezin sinistu, egundaino halakorik!-, erromatarren zerbitzura jarri ostean beren herria saltzeraino, ez urrerik, ez errekonozimendurik... Erromak traidoreei ordaintzen ez diela esan ostean, beraiek ere akabatu egin zituzten. Hortik, «Roma Proditoribus Non Praemia Solvit»... edo Atutxa jaunarentzat alegia zaharra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo