Yves Matxikote eta Eulate Zilonizaurrekoetxea EHEko kideak
Euskara herriko etxeetan, noiz?
Badakigu euskal herritarrak batuz eta euskararen ofizialtasunaren aldeko olatua osatuz, herriz herri euskarari lehentasuna emango dion Euskal Herri baten eraikuntzan ari garela
Ondoko elkarrizketa irudikatu: lagun batek beste bati esaten dio: «Nire herriko alkateak ez daki euskaraz», «Ai ba! Nirean harreran bertan ezin dut euskaraz egin, barne plana onartu zuten, baina ez dute martxan jarri. Eta, gainera, deliberorik ere ez dago». «Deliberoa? Zer da hori?», «Bai, zuek ordenantza deitzen diozue, ezta?», «Ah! Bai, nire herrian egon badaude baina ez diote jarraipenik egiten eta urraketak eguneroko kontua dira».
Edozeinek izan dezake elkarrizketa hau, edo antzekoa. Txarrena urteak daramatzagula horrelako salaketak eginez. Azkenean, aho minean ibili izan duguna, frogatu ere egin da. Kontseiluak Udalen Hizkuntza Politikaren neurketa kaleratu zuen eta, ze kasualitatea, herriko etxe batek ere ez du azterketa gainditu. Zazpitik gora, normalkuntzaren bide egokian gaudela esan daiteke, baina ez dago udal bat ere gainditu duena. Alderdia bat edo beste izan, euskararen estatusa hau edo beste izan, suspentso denentzat! Hala ere, datu horiekin amore emango genuela uste bazuen inork, jai du. Guretzat datuak lan tresna bihurtu ziren, herrietako egoera hobeki azaldu eta ulertzeko bitarteko, baina egoerak lehenagotik ezagutzen genituen eta ez zen batere zaila izan datu horiei benetako adibideak jartzea. Suspentsoa langileek euskaraz ez dakitelako, suspentsoa deliberorik ez dagoelako, suspentsoa euskarazko hedabideak diruz laguntzen ez direlako, suspentsoa euskara normaltzeko planetan urratsik eman ez delako.
2007an bezala, 2008ko herrietako hauteskundeen hurbileko jarraipena egiten ari gara. Egoeraren larritasuna eta datuen alarma gorria kontuan izanik, alderdi eta plataformek beren programetan zer aldaketa proposatuko duten jakin nahi izan dugu. Eta datu horien berri jakiteko izan ditugun zailtasunetatik abiatuz, Uf! orokorrean hutsaren hurrena. Gainera, larria da benetan, alderdi edota alderdikideen jarrera. Eskaera zabala egin da, hautetsiek beren proposamenetan euskararen normalkuntza helburu izanen duten planteamenduak sar ditzaten. EHEk gutuna bidali die Euskal Herri osoko alderdi guztiei. Salbuespenak errespetatuz, eguneroko zapaltzaile berberek musura barre egiten jarraitzen dutela esan dezakegu...
Gure gutuna zehatza zen oso, euskararen bermea eman dadin beharrezko neurriak zerrendatzen genituen: udal politika eraginkorra egin zezatela euskararen normalkuntza bidean eta herritarron hizkuntz eskubideak berma zitzatela. Euskara herriko hizkuntza ofiziala ez ezik, lehentasunezkoa ere izenda zezatela. Langileak euskalduntzeko planak abiatzeko eskatzen genien, baita kontratu berrietan euskararen ezagutza derrigorrezkoa izatea...
Euskararen normalkuntza ahalbidetuko luketen mugimendu ezak adierazi legez, batzuek, antza, ez zuten gure eskaera ulertu; beste batzuek ere, euskara maite dutela dioten berberek eta euskara munduko plazara zabaldu behar dela aldarrikatzen dutenek ere, ez zuten eskaera ulertu.
Guk, ordea, ez dugu amore eman. Badakigulako Euskal Herrian gure hizkuntza aintzat hartu eta defendatzeko prest jende asko dagoela. Badakigu, konpromisoen bidetik euskararen errespetutik hurbilago gaudela. Badakigu euskal herritarrak batuz eta euskararen ofizialtasunaren aldeko olatua osatuz, herriz herri euskarari lehentasuna emango dion Euskal Herri baten eraikuntzan ari garela. Badakigu, zuek gabe, euskarak ez duela etorkizunik; horregatik behar gaitu euskarak, horregatik behar du gure atxikimendua. Eman diezaiogun, bada. Adi! Martxoaren 1ean...