Hainbat hautetsik Kakoren auzia «afera politiko» bilakatu izana salatu dute
GARA |
Kako baserriaren inguruko auzian erreakzio andana kaleratzen ari dira oraindik. Atzo ere, hautetsi talde bat -tartean 16 auzapez- Baionako suprefetarekin bildu ziren, hari «itxuraz, gertakariek hartu duten kezka eta haserrea» helarazteko.
Ehun bat zinegotzi, auzapez eta kontseilarik sinatutako gutunean Sarkoy presidenteak Pauen egindako «adierazpen eskandalagarrien» ondorioz, «gatazka sozial bat zena, gatazka politiko» bilakatu izana salatu dute irmoki.
Hautetsiek «neurriz kanpoko» iritzi diete «errealitatearekin zerikusirik» ez duten atxilotzeei. Sauveur Bacho Arberatzeko auzapezak adierazi zuen, suprefetari, urak bere onera ekartzen saiatzeko eskatu ziotela. Aldi berean, sei laborarien aurkako karguak bertan behera geratzea eskatu dute. Bi egun polizia etxean eman ondoren aske geratu baziren ere, otsailaren 21ean epaiketa izango dute.
Haserre gehiago
Alabaina, ez dira hautetsiak haserre dauden bakarrak. Nekazaritzaren garapena sustatzeko hainbat egitura eta elkarte biltzen dituen Arrapitz Federazioak ere adierazi du bere «erresumina eta ulertezinatasuna». Bere burua «inolako alderdi eta sindikatuen mende» ez dagoela nabarmenduta, aferak «konponketa positiboa» izatea espero du.
ABk honen gibelean «muntaia eta manipulazio politiko ahalgingarria» sumatzen duela esanda, elkartasuna adierazi die laborariei eta ELB sindikatuari. EAk, berriz, «bozka aroan gauden honetan, jendea zikintzeko hor goitik gidatutako jukutria zikin bat baizik ez ote den galdetu du.