Anjel Figeroa askatzeko deia Txagorritxuko Ospitaleraino eramango dute gaur
Anjel Figeroak Txagorritxuko Ospitalean jarraitzen du, bere gaixotasunak okerrera eginda. Bere askatasuna eskatzeko ekimen ugari egin dituzte bere herrian, Algortan. Gaur Gasteizko erietxeraino joango dira.
GARA|
Lau epilepsia krisialdi izan ondoren, Anjel Figeroa preso politikoak Txagorritxu ospitalean jarraitzen du. Bere senideek, gainera, astearte arratsaldean ezin izan zuten bisitatu, Ertzainek biluztera behartu, eta haiek ezezkoa eman zietelako. Ez da halako zerbait gertatu zaien lehen aldia, eta Ertzaintzaren aurka jarrita zuten salaketa zabaldu dute Figeroaren senideek.
Algortarraren askatasuna galdegiteko mobilizazio andana egin dira azken egunotan. Atzo adibidez, elkarretaratzea egin zuten Algortako Telletxe plazan. Gaurko aldiz, Anjel kalera! herri ekimenak beste kontzentrazio baterako deia egin du; oraingoan, ordea, Txagorritxu erietxean bertan. 12.30ean izango da, eta Algortatik kotxe karabana irtengo da bertara; 11.00etan Fadurako aparkalekutik.
Algortan bezala, hainbat herritan izan ziren mobilizazioak atzo. Irunen, adibidez, iheslarien kolektiboaren aurkako erasoei erantzun nahian, 80 lagun atera ziren kalera. Mallabian 14 pertsona bildu ziren, baina Ertzaintzaren lau dotaziok elkarretaratzea galarazi zuen. Antzuolan, aldiz, 30 lagun bildu ziren presoen eskubideen alde; Zarautzen 150; Lizarran 35; Mundakan 21; Deban eta Mutrikun 50; Ugaon 36; Ortuellan 28; Eibarren 90; Etxarri Aranatzen 45; Arbizun 35; Zizur Nagusian 25; Zornotzan 80; Lezon eta Txantrean 55; Iruñean 312; Barañainen 21, eta Gasteizen 436.
Bestetik, Askatasunak jakitera eman zuenez, Joseba Gonzalez Pabon preso politikoa aske gelditu zen atzo 10.000 euroko diru-bermea ordaindu ostean. Atzean utzi zuen Alcala Mecoko espetxea.
Bestetik, Paueko Auzitegiak hilaren 29an emango du Eneko Galarragaren aurkako euroagindu eskariaren inguruko erabakiaren berri. Villabonako gaztea joan den asteartean aske geldi-tu zen arren, epaitegi horrek euroaginduaren gaineko fro- ga gehiago eskatu zizkion Auzitegi Nazional espainolari. Atzo eman behar zuen euroagindu eskaeraren erabakiaren berri, baina azken hitza hilaren 29an hartuko duela eman zuen jakitera Askatasunak.