mushing Pirena
Tom Andres garaile zeharkaldi zurian
Amaitu berri den 18. ekitaldian, Tom Andres «musher» alemanak ia hiru minutuko aldea atera dio bigarren sailkatu den Iker Ozkoidiri. Ivar Sveir norvegiarra izan da «skijorer» onena, eta Jan Porubska txekiarrak eskuratu du bigarren postua.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Iazko ekitaldia bertan behera geratu eta gero, osagarri guztiak jarri zituzten mahai gainean Pirenaren antolatzaileek aurtengo lasterketa oso ikusgarria izan zedin. Baina, edizio askotan gertatu izan den legez, joan den larunbatean La Molinan bukatu zen honetan ere denetarik izan da. Inolako ezbairik gabe baiezta dezakegu Pirena 08 oso gorabeheratsua izan dela.
Iaz ez bezala, aurten elurra izan dute, baina ez nahikoa; nahiko eskas izan dutela esan daiteke. Elur eskasiak zenbait etaparen ibilbidea asko murriztera behartu ditu antolatzaileak; hots, iragarrita zeuden baino askoz ere etapa motzagoak izan dira. Eta, jakina, horrek gogortasuna kendu dio «zeharkaldi zuriari». Pare bat etapa ere bertan behera geratu dira.
Bestetik, eguzkia eta zeru urdinak izan dira jaun eta jabe ia Pirena osoan. Horren ondorioz, gaueko hotzak elurra gogortu eta makina bat komeria sortu ditu parte-hartzaileen artean. Kexu ibili dira musher asko; izan ere, zakurrek oinetatik asko sufritu dute. Kritika ozenenen artean, Gregor Von Gumppenberg alemanarenak, duela bi urteko bigarren sailkatuarenak, izan ditugu. 11. etapan ez ateratzea erabaki zuen, besteak beste, GrandValira-El Tarter etapa horretan izozgune arriskutsuak zeudelako. Beroaldi hori zela-eta, Von Gumppenbergek biharamuneko etapan Pirena uztea erabaki zuen.
Oro har, horiexek izan dira Pirenako gorabehera nagusiak. Lehiari dagokionez, bestalde, antolatzaileek aurreikusi zutena bete da ia. Aurreko kronika batean aipatu genuen Von Gum-ppenbergekin batera Tom Andres, Graeme Scott, Iker Ozkoidi eta Pavel Pfeifer zirela faborito nagusiak. Eta trabesek ez dute hutsik egin. 14 etapa izan dituen zakur-lera lasterketa honetan indartsuena eta erregularrena Andres alemana izan da. Bigarren postua, berriz, 2004 eta 2005ean bezala, Ozkoidi nafarrarentzat izan da. Eta hirugarrena Scott eskoziarra izan dugu.
Berdintasun handia
Lehenengo etapatik argi asko ikusi zen faboritoen artean ez zegoela alde handirik, eta amaieran iragarpen hori bete egin da. Adibidez, lehenengo hiru etapetan hiru irabazle ezberdin izan ziren: Scott, Von Gumppenberg eta Ozkoidi. Baina Pirenaren bigarren zatia hasierakoarekin alderatuta asko zen. Aldaketak aldaketa, GranPallars-Port Aine alderdian lau etapa jokatu ziren, eta horietan guztietan erakutsi zuen Andresek bere lehiakideei koska bat ateratzen ziela; izan ere, lau etapa horietatik hiru irabazi zituen. Sailkapen nagusiko buru jarri zen, eta La Molina arte eutsi zion ohorezko postu horri.
Alemanaren debuta zen, bere lehenengo aldia Pirenan, eta indarrak ondo neurtu zituela erakutsi zuen. Horrela bada, Pirena 08 alemanarentzat izan da. Bigarren postuan, 2 minutu eta 43 segundora, Ozkoidi sailkatu da. Ondo baino hobeto iritsi zen Pirenara, oso sasoiko, baina beste bi ekitalditan lortutako zilarra errepikatu du. Candachu eta Baqueirako (hau gauez jokatu zen) etapak irabazi zituen, eta baita behin behineko sailkapenean lider izatea lortu ere. Baina Pirenaren bigarren zatian ezin izan zion eutsi irabazlearen erritmoari.
Hirugarren sailkatua Scott izan da. Eskoziarra bigarren postutik 22 segundora geratu da. Lehenengo liderra izan zen, baina goitik behera etorri zen. Eta laugarren postua beste faborito batentzat izan da, Pfeifer txekiarrarentzat.
Zakur-leren lehia utzi eta skijoring modalitatea aipatu behar dugu jarraian. Skijorer-en artean, aldiz, izan da ezustekorik. Faborito nagusia Jan Porubska genuen; hau da, 2005 eta 2006ko ekitaldien irabazlea. Txekiarra ondo jardun da, baina harek baino hobeto korritu du Ivan Sveir norvegiarrak. Inolako zalantzarik gabe, Sveir izan da Pirenako erregea, jokatu diren 14 etapetatik 13 irabazi baititu. Bigarren Porubska izan da, 15 minutura, eta hirugarren Richard Barta txekiarra, ordu erdira.