GARA > Idatzia > Kultura

Hogeita bost bertsolari arituko dira aurtengo Nafarroako Txapelketan

Nafarroako Bertsolari Txapelketak aurten 37. edizioari egingo dio aurre. Arduradunek nabarmendu zutenez, urteak joan urteak etorri, hitzordua herrialdeko euskal kulturaren erreferentzia nagusietakoa bihurtu da. Hain zuzen ere, lehiaketa hutsetik harago, bertsolaritza sustatzea eta ezagutaraztea ere baditu-eta helburu nagusi. Orotara 25 izango dira lehian arituko diren bertsolariak; gazteak gehienak ere, horietako asko hogeita bost urtetik beherakoak baitira.

p060_f01_148x104.jpg

GARA | IRUÑEA

Txapela jantzi nahian lehiatuko diren hogeita bost lagunen gaztetasuna nabarmendu dute Nafarroako Bertsolari Txapelketaren aurkezpenean, asko eta asko 25 urtetik beherakoak direlako. Datu hori «oso lotuta» dago, gainera, Nafarroako bertsolaritzan azken urteotan gertatu den belaunaldi aldaketarekin.

Herrialdeko bertsolaritzak izan duen «berpizkunde» horretan Nafarroako Bertsozale Elkarteak transmisio arloan egin duen lanak ere badu zerikusirik. Atzo aipatu zutenez, «horren bitartez gazteek bertsolaritza ezagutzea lortu nahi baita eta, hala nahi izanez gero, horretan aritzeko aukera izan dezatela». Lan horren fruiturik garrantzitsuena Nafarroako ikastetxeetan egiten den ekimena da, Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin eta udal askorekin egin hitzarmenei esker garatu ahal dena. Ikasturte honetan, adibidez, Nafarroa osoko ikastetxe publikoetako 920 ikasle ari dira eskola orduetan bertsolaritza eskolak jasotzen.

Helburuak eta erronkak

Ostiralean, etzi, abiatuko da ofizialki Txapelketa, Leitzako Aurrera Elkartean egingo den kanporaketarekin. Finala Elizondon egingo dute zortzi kidek martxoaren 15ean.

Finean, Txapelketa Nafarroan bertako bertsolaritza sustatzeko modu «ezin hobea» dela azaldu zuten atzo Iruñean eskainitako prentsaurrekoan. Bertan izan ziren, Bertsozale Elkarteko Josema Leitza ordezkaria, Koldo Sebastian, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuaren izenean, eta Pablo Roncal, Nafarroako Kutxako (CAN) Fundazioko komunikazio arduraduna.

Urtero egiten den hitzordu horren bidez lortu nahi diren xede nagusiak ere aipatu zituzten. Bada, zaletasuna dagoen tokietan bertsolaritza sustatzea eta horren zaletasun handia ez dagoen inguruetan ezagutaraztea bilatzen du Txapelketak.

Funtsean, bertsolari nafarrak «motibatzea» eta «ezagutzera ematea» ere nahi dute. Izan ere, atzo aipatu zutenez, urtero 140 bertso saio inguru egiten baita herrialdean; «baina horietako hainbatetan ez dute Nafarroako bertsolariek parte hartzen, kasu askotan nahiko ezezagunak direlako». Txapelketak, beraz, «haientzat erakusleiho» izan behar duelakoan daude.

Gainera, «han eta hemen bertsolaritzaren alde lanean ari diren guztiak elkartzea» dute helburu: «Txapelketan bakoitzak ahal duena ematen du eta parte hartzen duten 60 lagunen arteko elkarlana ezinbestekoa da urtean zehar gainerako ekimenak aurrera eramateko», esan zuten. Laugarren xedea, bestalde, hauxe: «Bertsolaritzak Nafarroan duen prestigioa handitzea, jarduera kultural hau gizarte osoari ezagutaraztea, euskaldunei zein erdaldunei».

Erronka horiek guztiak kontuan hartuta, beraz, ostiralean egingo da lehenengo kanporaketa, Leitzan. 21.30etik aurrera, lehian arituko dira, Aurrera Elkartean, Diego Riaño, Juan Mari Lopez, Iker Iriarte, Ekaitz Astiz, Aimar Karrika eta Iñaki Aleman.

Bigarren kanporaketa, aldiz, larunbaterako deitu dute (hilak 9), 19.00etan Iturengo Udaletxean. Alazne Untxalo, Iker Gorosterrazu, Ander Fuentes, Xabier Terreros, Garazi Taberna eta Xabier Legarreta lehiatuko dira.

Lehenbiziko finalaurrekoa hilaren 16an, 18.00etan, izango da, Iruñeko Txantrea auzoko Ama Salestarrak-en. Erika Lagoma, Julen Zelaieta, Bittor Elizagoien eta Oier Lakuntza izango dira bertan, kanporaketako bi bertsolarirekin batera. Bigarren finalaurrekoa, otsailaren 23an izango da, Lekunberrin; hirugarrena, martxoaren 1ean, Beran. Zortzi bertsolariren finala, aldiz, martxoaren 15ean, Elizondon.

SAREAN, GERTUTIK

Lehiaren jarraipena egin ahal izateko www.nafarroakotxapel-keta.com webgunean informazio eguneratua eskainiko da, euskaraz eta gazteleraz. Bertan, txapelketaren historia, faseak, lehiakideen biografia eta argazkiak, saioen irudiak eta audioa... eskegiko dira.

Ezaugarri nagusiak, berrikuntzak eta irudia

Txapelketaren 37. edizioak izango dituen ezaugarri nagusiak ere aipatu zituzten atzoko aurkezpenean. Bada, berrikuntza nagusia hauxe da: finalaurrekoak jokatu aurretik, bi kanporaketa egingo direla. Hain zuzen ere, aurtengo lehian aspaldiko parte-hartzaile kopururik handiena izango da, 25 bertsolari -gehienak ez dira 30 urtera iristen, eta asko 25etik beherakoak dira-. Beraz, sei bertsolarik lehen aldiz hartuko dute parte, eta beste hiru Txapelketara itzuli dira, «atsedenalditxo bat hartu ondoren».

Dagoeneko, bestalde, jakina da aurtengo edizioan txapelduna azken urteotakoa ez besteren bat izango dela. Alegia, Xabier Silveirak atsedenalditxoa hartuko duela.

Aurtengo Txapelketaren irudia zortzi eskuz heldutako mikrofono bat da. Arduradunek honakoa aipatu zuten horri dagokionez: «Horren bitartez, bertsolaritzan gertatu den transmisioa adierazi nahi izan da; transmisio lanari esker belaunaldi berriek hartu dute lekukoa, apurtu ez den etengabeko kable bat osatuz. Horrez gain, bertsolaritza tradizio izatetik jarduera kultural modernoa izatera pasa dela islatzen du. Azkenik, bertsolaritzan auzolanean aritzearen garrantzia adierazi nahi du irudiak». GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo