Tortura saihesteko borondaterik eza
Torturaren Prebentziorako Koordinakundeak Bartzelonan antolatutako jardunaldiak gaur amaituko dira, baina dagoeneko hainbat unibertsitatek, abokatu elkargok, eta giza eskubideen aldeko erakundek osatutako taldeak egindako ikerketaren ondorioak aurkeztu dituzte. Ondorio argi eta erabatekoak: espainiar Estatuan tortura ohikoa da, eta polizia mota guztiek erabilia; azken bost urteetan salaketa kopuruak gora egin du, eta torturatzaileek zigorgabetasunaren babesean jarduten dute. Eta, bestetik, egoera horri aukera ematen dion -«jardun hori babesten duen»- marko juridikoa dago indarrean.
Europar Batzordeko Torturaren Prebentziorako Komiteko presidente Mauro Palmak ere parte hartu du jardunaldi horietan eta, bere karguari zor dion zuhurtziatik, erakunde horren gomendioak urtez urte errepikatu behar dituztela nabarmendu du GARAri egindako adierazpenetan; estatu guztiek, eta espainiarrak beregainki, ez dituztelako betetzen. Baina ez da espainiar Estatutik kanpoko begirada bakarra. Jens Holm europarlamentari suediarrak, Igor Portu eta Mattin Sarasolaren atxiloketak kezkatuta Europako Parlamentuan gazte lesakarren egoeraren gaineko galdera egin zuenak, Bartzelonako jardunaldiek eta Mauro Palmak bezala, hitz gako bat izan du hizpide: inkomunikazioa. Behin eta berriz, tortura salaketak izan diren bezain maiz, agertu izan den hitz gakoa, hain zuzen, salbuespen legediak ezarritako prozedura.
Horren kontu mingarria ez balitz, tortura salaketak «terroristen kontsignen» ondorio direlako adierazpenak ezingo lirateke txantxatzat baino hartu. Baina tortura saihesteko oztoporik handiena ez da nola desagerrarazi asmatzea, Estatu espainolak berak sinatuta dauzkan protokoloek eta giza eskubideen defentsan lan egiten duten nazioarteko erakundeen gomendioak aski baitira tratu txarrak saihesteko, eta, gainera -hala behar izanez gero-, gertatzen diren ala ez frogatzeko balioko lukete. Benetako oztopoa tortura saihesteko borondaterik eza da. Borondate falta hori Euskal Herrian argiro sumatzen da. Eta Euskal Herritik kanpo ere bai.