Afganistanen «estatuaren porrota» gerta daitekela dio IISS institutuak
2001ean AEBek Afganistango talibanak Kabulgo Gobernutik kanporatu zituzten, baina zazpi urte beranduago egoera gaitza da Mendabaldeko estatuentzat. IISS institutuak kaleratuko txosten batean, «estatuaren porrota» gerta daitekeela aurreratzen dute.
GARA |
Londreseko Gogoeta Estrategikorako Institutuak (IISS, ingelesezko akronimoa) Afganistan dela-eta atzo plazaraturiko txostenak nabarmentzen du «porrotetik gertu» dagoen estatua dela, muturreko islamistek izan duten gorakada dela medio.
Horrekin batera, NATOko indar militarrak «Afganistanek dituen arazoei buelta emateko gai ez direla» gaineratzen da. Hala, «gero eta handiagoa den egoneza» zabaldu da eskualde horretan, munduaren egoera militarrari buruz IISSek egin duen urteko txosten horren arabera.
«NATOren porrotak muturreko islamistak indartzea eragingo luke (ez soilik Afganistanen), eta garrantzi estrategiko handiko zonalde batean porrot egin duen estatua izango litzateke, eta erakunde terroristen eta droga salerosleen babeslekua bihurtu», gaineratzen du IISSek.
Txostenaren arabera, horrek bide batez, «NATOren sinesgarritasuna ahulduko luke, kanpoaldean ekin dion lehen operazio nagusia» betetzerik ez duelako izan.
Nahiz eta Afganistanen NATOk bitarteko handiak erabili, Kabulgo Gobernua ez da gai izan «bere agintea herrialdeko zati esanguratsu batean ezartzeko». Kabulgo Gobernuak eta Mendebaldeko militarrek elkarrekin burututako operazioek Afganistango toki batzuetan «segurtasuna hobetu badute ere», NATOk ez du behar adina soldadu, ezta materialik ere.
Une hauetan, AEBek kanpaina diplomatiko bati ekin diote NATOko beste kideek Afganistanera tropa gehiago bidal ditzaten. 2001ean talibanak Kabuldik kanporatu zituztenetik, ez dute aurrerapausorik lortu.
Estatu frantsesak eta Alemaniak ez dute begi onez ikusi eskaera hori, eta «estrategia globala» eskatu dute.
AEBetan duela gutxi argitaratutako beste bi txostenek ere Afganistanen «estatuaren porrota» gertatzeko arriskua dagoela aurreratu zuten. Neurri bereziak hartzea eskatzen zuten, hori ekiditeko.