GARA > Idatzia > Mendia

eskia Donostia Saria lasterketa

Iraupen eskiko festa herrikoia Somporten

Eguraldi eguzkitsua lagun, joan den igandean Donostiako Vasco de Camping Elkarteko Donostia Saria jokatu zen Somporten. Iaz bezala, erabat arrakastatsua izan zen eta, guztira, 222 eskiatzailek hartu zuten parte.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Nahiz eta aurtengo denboraldian elurrak ez duen, mementoz bederen, bere aurpegi alaiena aurkeztu, haren inguruan antolatzen diren hainbat ekimen aurrera ateratzen ari dira. Iraupen eskiari dagokionez, jakin badakigu nahiko eskasia dagoela, baina, zorionez, gure ingurumarian antolatu diren hainbat lasterketa egiteko aukera izan da. Donostiako Vasco de Camping Elkartearen txapelketa herrikoia, Donostia Saria, izan dugu azkena. Joan den igandean, Somporteko pistan jokatu zen eta, iaz bezala, erabat arrakastatsua izan zen. Bai, bigarren ekitaldia biribila izan zen.

Alde batetik, 222 eskiatzailek erantzun zioten mendiko elkarteak luzatutako deialdiari, eta uste dugu kopurua oso esanguratsua dela. Bestetik, zale horiek egundoko zortea izan zuten eguraldiarekin; izan ere, eguzkia eta zeru urdina izan zituzten lagun. Eta hirugarren, lasterketa egiteko nahiko elur izan zuten.

Hori guztia aurreratuta, Donostiako CVCeko arduradunak pozarren zeuden lasterketak izan zuen jarraipenerakin: «Iazkoa izan zen lehenengo aldia; beldur ginen, baina oso ondo atera zen. Horrek guztiak bigarren ekitaldia antolatzeko indarra eman zigun, eta igandekoa ere egun handia izan zen. Horrela bada, parte-hartzaile guztiak zoriondu nahi ditugu. Hori bai, aurten Candanchu aldean ez zegoen ia elurrik, baina gabezia hori ere konpondu dugu». Somportera hurbildu ziren makina bat eskiatzailek egin zuten bat antolatzaileen iritziarekin: «Festa handia izan da. Oso eguraldi ona izan dugu. Tenperatura ere bikaina; lasterketa hasi baino lehen, gradu batekoa zen. Udaberri giroa izan dugu, eta elurraren egoera ona zen. Ez da iazko ibilbide bera izan, baina antolatzaileak fin ibili dira eta bi itzulikoak egin ditugu. Gainera, pistako arduradunek oso ondo zapaldu dute urratsa. Oro har, primeran pasatu dugu».

Aurtengo ekitaldirako ere lau ibilbide prestatu zituzten. Haurrek, gazteek zein nagusiek parte hartu zutenez, luzera guztietako ibilbideak egin zituzten. Laburrena 1,5 kilometrokoa zen eta luzeena 16koa. Tartean beste bi: 3 eta 10 kilometrokoak. Maila ezberdinei dagokienez, aipatu beharra dago haur zein gazte asko izan zirela irteeran, eta kolore ederra eskaini zioten lasterketari.

Lehia ederrak

Eskiatzaileen jatorriari begiratuz gero, gehienak Nafarroa, Huesca eta Gipuzkoatik iritsitakoak ziren; eta horietako asko, jakina, CVCekoak. Horiek protagonismo berezia izan zuten; izan ere, elkartekoentzat antolatu zuten sailkapen bat. Bestea, berriz, irekia zen.

Eta sailkapenak aipatu ditugunez, lehenik eta behin nesken mailari begiratuko diogu. 1,5 kilometroko ibilbidean Pilar Padro (Mayencos) nagusitu zen. Elkarteko onena Nerea Bustillo izan zen, eta haren atzetik Ane Cacho eta June Gutierrez sailkatu ziren. 3koan, Leire Gardeazabalek irabazi zuen, eta bigarrena Maddi Gutierrez izan zen. 10koan, Cecile Legrand (Val d'Azun) garaile irekian, eta Blanca Garay elkartekoan; azken honetan bigarrena Leire Irigoien izan zen. Eta 16koan, Mariona Aubertek (MGC) eta Ascen Collantesek (CVC) irabazi zuten txapela bana.

Nesketan bezala, mutiletan ere oso lehia ederrak eta estuak izan ziren. 1,5 kilometrokoan Javier Guibert (Mayencos) izan zen onena. Elkarteko sailkapenean, lehenengoa Imanol Bustillo, bigarren Mikel Sarasola eta hirugarren Manu Elorza. 3koan, berriz, Adrian Claverok (Mayencos) irabazi zuen. Donostiar elkarteko sarian Mikel Ibargallartu nagusitu zen, eta haren atzetik Luken Garai eta Javier Vecino sailkatu ziren. Tolosako Uzturre Elkarteko Imanol Rojo gailendu zen 10 kilometrokoan. Xabier Gardeazabal CVCko onena izan zen eta Mikel Canterak bigarren postua lortu zuen. Eta 16koan, Carlos Yera (Panticosa) igo zen podiumeko lehenengo postura. Xabier del Val izan zen donostiar elkarteko eskiatzaile indartsuena. Bigarren postuan Luis Ibergallartu sailkatu zen, eta hirugarrenean Jon Garzia.

lau ibilbide

Aurtengo ekitaldirako ere lau ibilbide prestatu dituzte. Haurrek, gazteek zein nagusiek parte hartu zutenez, luzera guztietako ibilbideak egin zituzten. Laburrena 1,5 kilometrokoa zen eta luzeena 16koa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo