Lesioak protagonista
Zearrak oso zail izango du Binakakoan berriz jokatzea
Otxandorenak berriz ere beteko du hilabete bajan eman beharko duen Ruben Belokiren lekua
Jon ORMAZABAL | GASTEIZ
Hutsuneen txapelketa izaten ari den 2008ko Binakako honetan beste kaltetu handi bat egon daiteke, izan ere, Aimar Olaizolaren atzelari titularra den Oier Zearrak oso zail izango baitu berriro ere jokatzea. Ostiralean beste proba bat egin zuen atzelari galdakoztarrak, eta eskuin eskuko kailua ondo osatu ez zaionez, gutxienez, beste hamar egun eman beharko ditu kantxetara itzuli ezinik.
Hilabete pasa da dagoeneko atzelari bizkaitarrak min hartu eta bere lekua Oier Mendizabali utzi zionetik. Hurrengo bi jardunaldietan ere hernaniarrak jokatu beharko du Aimar Olaizolaren atzelari gisa.
Iñigo Simon, Asegarceko medikuak ez zuen baieztatu nahi izan txapelketa Oier Zearrarentzat amaitu ote den, bainak lanak izango dituela onartu zuen, denbora asko baita pilotarik astindu ezinik dabilena. Nolanahi ere, Ruben Beloki izango da aurtengo Binakako txapelketan berriz ere jokatzerik izango ez duena. Burlatarrak eskuin eskuko tendoi bat mindurik izan lezake eta hilabete eman beharko du kantxetatik kanpo. Medikua eta pilotariaren helburua Buruz Buruko txapelketa jokatzeko pilotaria osatzea izango da.
Ordezkoen isileko lana
Asteburu honetan Oier Mendizabal izango da Zearraren ordezkoa eta Iñaki Otxandorenak beteko du Belokiren zuloa. Partida erabakigarriak izango dituzte biek, baina sari urria. Izan ere, ordezkoak lanak ondo beteta ere, titularrak bere lekua berreskura baitezake. EPELen aurtengo erregelamendua begiratuta, finalerdiak igarota soilik izango luke ordezkoak titular izatera pasatzeko aukera. Horretarako, ordezko gisa aritu den pilotariak finalerdietako hiru partidetatik bitan garaipena lortu eta finalerako sailkatzea lortu beharko luke. Mendizabalek bi ez, hiru garaipen ere lortu ditu lehen fasean, baina ez diote titular izateko balio hernaniarrari.
Lehen fasean ordezko gisan aritu den pilotariak kantxan titular izatea lortzerik ez dauka. Eskubide hori finalerdietan bakarrik lor dezake, eta horretarako ordezko gisan bi partida irabazi beharko lituzke finalaren atarian.
Oier Mendizabal izan daiteke araudi horren kaltetu nagusia, izan ere, hernaniarrak hiru partida irabazi baititu lehen fasean -Zearra titularrak bat bera ere ez- baina, osatuko balitz, Galdakaokoari utzi beharko lioke bere lekua.