GARA > Idatzia > Eskubaloia

Asobal Liga

Amorruz joango da Portland Zaragozako kantxa zailera

Arratek, hutsunez eta zalantzaz beteta, ezustea eman nahiko du Ipuruan Ciudad Real liderraren aurka

p045_f01_111x111.jpg

GARA | IRUÑEA

Zagrebeko porrotari alde ona atera nahi dio Portlandek; amorruari etekina atera behar dio, hain zuzen ere. Eta ez zaio gaizki etorriko, oso kantxa zail batean ekingo baitio berriro ere Ligari.

Azkenaldi honetan egindako inbertsioari esker, CAI Aragon Asobaleko talde indartsuenen artean da. Beharbada, etxetik kanpo indartsuagoa aritzea falta zaio elitean sartzeko azken urratsa emateko, baina bere kantxan jaun eta jabe da. Argi dauka Javier Cabanasek Zaragozakoa «bigarren itzuli honetan bisitatu behar dugun kantxarik zailenetarikoa» dela, bertan «Bartzelona gainditu zuela» gogoraraziz, baina baita bere taldea irabazi beharra duela ere. «Porrotak ia aukerarik gabe utziko gintuzke Ligan eta, beraz, talde hobea garela erakutsi, eta irabazi beharra daukagu».

Horretarako, Porltandek Zagrebetik ekarritako amorrua aprobetxa dezala espero du entrenatzaileak. «Taldea oso haserre dago, jakin badakigu partida txarra egin genuela, ez genuen beharrezkoa zen borroka planteatu», onartu zuen. «Baina halako bakarra izatea espero dugu, garrantzitsua izango litzateke Ligako azken bi partidetan izan dugun mailari eustea», adierazi zuen.

Helburu horrekin, Cabanas Zagreben aritu ziren jokalari berberekin helduko da gaur Zaragozara. Lars Jorgenzen barne, behin amigdalitisa gaindituta. Ildo horretatik, norgehiagoka aurrekoa paregabea da, oso denboraldi gogorra izan ondoren maila fisikoan, Cabanasek jokalari guztiak prest baititu. Ez da, zoritxarrez, Arrateren kasua. Egundainoko boladarik gogorrenari aurre egiten ari zaion momentuan -Portland, Bartzelona eta, gaur, Ciudad Realen aurkako partidak jarraian-, inoiz baino lesio gehiago dituzte jokalari zuri-urdinek.

Hutsunez eta zalantzaz beteta dago talde eibartarra liderraren bisita jasotzeko. Horrela, Bojan Stefanovicek, Nicola Rudovicek eta Vladimir Matovicek -bazirudien azken honek Ipuruan estreinako partida izango zuela gaurkoa, baina sorbaldan mina hartuta dago berriro ere- ezin izango dute partida jokatu. Arazorik larriena Stefanovicena izan daiteke, belauneko arazoak konpontzen ez baditu, ebakuntza-gelatik pasatu beharko baitu seguru asko.

Zalantza ugari

Arrateren ibilbide onerako oso garrantzitsu diren hainbat jokalari, gainera, zalantzan egongo dira azken unera arte. Besteak beste, gripeak jota dauden Iñaki Malumbres eta Arkaitz Vargas, edota arazo desberdinak dituzten Mariusz Jurkiewicz, Ivo Díaz, Gonzalo Carou eta Javi Arroyo.

«Gauza gehiegi dira», esan zen atzo Viktor Debrek kexuz, batez ere «munduko talde onenen artean dagoen etsaia» datorrela kontuan hartuta.

Hungariarrak oso argi dauka azkenean hainbat jokalari jokatzeko prest badaude ere, errotazioak egiteko arazoak izango dituztela, «Bartzelonaren aurka gertatu zitzaigun bezala», adierazi zuen. Hala ere, Ciudad Reali «gauzak zail» jarri ahal izatea espero du.

alberto martinen agurra

37 urteko eskuin lateral nafarrak agur esan dio eskubaloiari. Logroñon egin ditu azken urteak, baina ia kirol bizitza osoa Iruñean pasatu du. Portland-ekin Txapeldunen Liga bat, bi Europako Errekopa, bi Asobal Liga eta bi Kopa irabazi zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo