GARA > Idatzia > Kultura

Filmak eta kontzertuak Gernikan, The Beatles taldeari eskainitako zikloan

GARA | GERNIKA

The Beatles talde ingelesaren lanei eta nondik norakoei errepasoa egiteko asmoz, kultur zikloa izango da Gernikan martxoaren 4tik 14ra bitartean, Gernikako Segundo Olaeta musika eskolak eta Kultur Etxeak antolatuta.

Liverpooleko banda mitikoaren jarraitzaileek aukera paregabea izango dute taldeari buruzko bitxikeriak ezagutzeko, zinea, kontzertuak eta erakusketak izango baitira ziklo honetako protagonista nagusi. Martxoaren 4an, «A hard day's night» pelikula izango da ikusgai 19,00etan; martxoaren 5ean, «Help» filma eskainiko da, ordu berean; martxoaren 7an, baina ordubete lehenago, 18,00etan, «The Beatles cartoon» izeneko marrazki bizidunen emanaldia izango da. Halaber, martxoaren 10ean, «Ready Steady Go! - The Beatles Live» eta «Imagine: John Lennon» dokumentalak izango dira ikusgai, 19,00etan. Emanaldi hauek guztiak Elai Alai aretoan eskainiko dira eta sarrera doakoa izango da.

Musikari dagokionez, martxoaren 8an eskainiko da lehenengo kontzertua. Dolly John Lennon and The Plastic Clono Band izeneko taldeak Lennonen kontzertu bat agertzen duen antzezlana eskainiko du Lizeo antzokian, 20,00etan. Ondoren, martxoaren 13an, Segundo Olaeta musika eskolako ikasleek «Pop-Rock mugimenduaren sormena» izeneko entzunaldia emango dute, 18,30ean. Martxoaren 14an, ikasleek beste emanaldi bat eskainiko dute, Elai-Alain, 18,30ean.

Azkenik, martxoaren 4tik 14ra bitartean, The Beatles taldeari buruzko erakusketa izango da ikusgai Gernikako Kultur Etxean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo