GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Mariano, zazpiak!!!!

Ines INTXAUSTI

Telebista kritikaria

Aste honetan oso zaila bihurtuko zaigu aurreikusitako programazioa ekiditea. Joan den astean bezala, Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta Mariano Raxoik beren eztabaida erromantikoa errepikatuko dute bakoitzaren defentsa heroikoari beste itzuli bat emanez. Kristalezko gotorlekuetatik aritu ziren biak Manuel Campo Vidal gizon orekatuaren balantzaren alboan. Egia errateko, ez zen oso interesgarria suertatu, patuak ez zuen bertan lekurik eta. Dena neurtuegia zegoen eta balizko zirrikitu biribil batetik ez ziren atera Moncloako sofa gainean eseri nahi duten bi ahari adargabeak.

Hori bai, eztabaidak isuri zuen telebistako metaeztabaida ez du futbolak lortzen. Dirudienez, Argentinan, bertako selekzioak Munduko Futbol norgehiagokan jokatzen duenean, kate guzti-guztiek eskaintzen dute partida. Berdin die albokoan ere programazio bera eskaintzen ari direla jakitea. Erlijioa non-nahi. Ba TVEko Zapateraxoiadan halako zer edo zer gertatu zen joan den astean, eta berriz ere izango dugu aukera lekukotasun beraren txandari neurria hartzeko orduan. Hala ere, nahiago dut hedabideetako zarata hau bestea baino. Izan ere, egun berean lortu zuen Oscarra Javier Bardemek. Eta Espainia osoa jabetu zen hortaz. Are gehiago, Zapaterok eta Raxoik alderdi bakoitzaren gola balitz bezala ospatu zuten antzezlearen merezitako saria. Bardemi bost eztabaidaren puntu negatiboa. Berak ez du txartel gorri zein horirik behar koloreen alde egiteko orduan.

Saria esku artean hartzean Kanarietan jaiotako semeak esandako hitz zehatzak eta egokiak beraientzako nahiko zituzten Marianok eta Jose Luisek; errespetuz mintzatu zen ogibideaz eta sendiaz Pilar Bardemen semea, eta Espainia hitza bere testuinguruan jarri zuen inolako hotzikararik agertu gabe. Oso zaila da hori hain leku labainetan. Alde batetik, Oscarren zeremonian edota mendeko eztabaidaren kontsumazioan. Aho bete hortz politikariak; guztiz moderatua, ordea, antzezlea. Antzezleak behar genituzke politikari gisa eta alderantziz; politikari onak hainbat eta hainbat kultura ekitalditan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo