Basaurin hasi eta Markina-Xemeinen bukatu, Begoña Bang-Matuk Bizkaia inarrosiko du
A. BILBAO | BILBO
Reggae, ska eta soul musika moldeetan eskarmentu handia duen kantaria da afrikar jatorriko Begoña madrildarra. Gazte hasi zen gustuko zituen jazz piezak ahots sendoz interpretatzen. 1993an Malarians madrildarrekin elkartu zen eta bi urte geroago «Min the Step» aurkeztu zuen, Laurel Aitken aitabitxi zenduak ekoitzia.
Potato gasteiztarrekin ere lan egindakoa da eta sarri izan da Euskal Herriko agertokietan. Laurel Aitkenekin batera Italian barrena egindako itzulian Ramiccia taldea ezagutu eta «Ramiccia meets Begoña» plazaratu zuen, 2000. urtean. Horrenbeste talde eta bakarlarirekin elkarlanean kantatu ostean, bakarlari legez estreinako lana argitaratzeko mementoa heldu zitzaiola erabakita, «Begoña Bang Matu & Orquesta Kingston» diskoa plazaratu zuen.
Euskal lotura
Jamaikako soinuen jarraitzaile sutsu, Fermin Muguruzaren «In-komunikazioa» lanean ere parte hartu zuen kontrabandako kide gisa. Bere argitalpen berria, «I am thinking about you», Brixton Records disko etxe bizkaitarrean atera du, taldearekin atera duen bigarren lana du eta Bobby Hebb, Steve Wonder eta Henry Manciniren bertsioak bildu ditu, besteak beste.
Datorren astean, Bizkaia Blues Jazz Zirkuituaren barruan, lau hitzordu ditu lurraldean: asteazkenean, 12an, izango du lehenengoa, Basauriko Arizko Dorrean; biharamunean Zornotzako Zelaieta zentroa bisitatuko du; ostiralean, berriz, Kultur Leioan; eta martxoaren 15ean, larunbatez, bukatuko du minibiratxoa, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean.
Reggae, jazz eta ska musika beroak maite badituzu, erdu dantzara.