GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Elecciones cantonales y municipales

«Abertzaleontzat berdin da Pauen Lasserre edo Labazee izatea»

p010_f02_56x72.jpg

 
Antton ETXEBERRI
EH BAI-ko Hautagaia

2001ean Amikuze edo Donapaleuko kantonamenduan aurkeztu zen. Orduan bezala, orain ere, Barthelemy Agerre -egungo UDFko kontseilaria- izanen du aurrean. Bada hirugarren hautagai bat ere, Sauveur Bacho, PSko sostengua duen independentea.

Jauntxokeriaz jokatzea leporatu diozue Agerreri. Zergatik? Politika egitea hori dela ez al dute uste zeinbatzuk?

Amikuztarrak segiziotasunari ohituak dira aspaldian; jauntxoek jendeari zerbitzu ttipiak egiten dizkiote beren boterearen bermatzeko. Kantonamendu oso kontserbatzailean gara, eskuinak 50 urte hauetan eraman duena. Gure ekinbidearekin eta gure hautagaitzarekin erakutsi nahi dugu lurraldearentzat, politika batzuen eramaitea beste zerbait dela, interes kolektiboarentzat aritzea dela, demokrazia parte hartzailearen gisako baloreak defendituz.

2x2 autobidearen proiektuak hautsak harrotu ditu zuen kantonamenduan. Badirudi orain baztertu egin dela, baina Nafarroa Garaiko PSNk «berpizteko» saioa ere egin du. Uste duzu behin betiko lurperatu dela proiektua?

Uste dut ezetz. Agerrek, orain arteko kontseilari orokorrak, Rousset Akitaniako Kontseiluko lehendakariarenganat joateko xedea du berriz hautatua bada, Nafarroaz gaindiko proiektuaren berrabiatzeko. LEIAn eraman dugun borroka osoan, ikusi dugu kontseilari orokorrak zeren gai diren handik Pauetik, direla eskuinekoak ala ezkerrekoak. Gure proiektu osoarekin bat egiten ez badute ere, gero eta amikuztar gehiagok abertzaleen oposizio lana ikusi dute gai horretan, eta badakite gurekin kontatu ahal dutela gure lurraldearen defenditzeko.

Transgenikoen mehatxua ere hor da...

Agerre Lur Berri kooperatibaren arduradunetarik bat da, eta enpresa horrek hazi transgenikoen salmenta onartu du. Kontaminazio arriskuak ezaguturik, erran daiteke Agerre kalitatezko ekoizpenak eta laborantza biologikoaren hautua egin duten laborarien sakrifikatzeko prest dela. Horretarako diogu Agerre jauna lanjerosa dela Amikuzerentzat eta Euskal Herriarentzat: errentagarritasun ekonomikoaren izenean, lekuko jendeak nahi ez dituen proiektuak inposatzeko ohitura du, eta ondorioz, Euskal Herri barnealdeko garapen ekonomikoa, laborantzakoa, turistikoa eta kulturala lanjerrean ezartzen ditu.

Barnealdeko desertifikazioa, gazteak kanpora joaten dira... Nola biziarazi Amikuze?

Barnealdeko lurraldeek zailtasunak dituzte, horretarako politika ausartak eta aldaketa behar dira. Lehen-lehenik enplegua ziurtatu behar da, eta hemen bizitzeko eta lan egiteko hautua egiten dutenei etxebizitzak proposatu behar zaizkie prezio arrazoizkoetan. Dena dela, garapena epe luzean pentsatu behar dela iruditzen zaigu, eta lekuko herri ekimenetan oinarrituz. Nazio ikuspegia eta eraikuntza bide egokiak dira barnealdeko lurraldeen garatzeko elkartasun nazionalaren bidez. Proposamen asko ditugu, baina guztiak aurrera eramateko, betiko gabeziarekin topo egiten dugu: ezagupen instituzional eza, eta, ondorioz, gure lurraldearentzat egokiak diren erabakien hartzeko eta gauzatzeko ezintasuna.

Instituzioaz ari garenez, EH Baik «ahalmen zabalak dituen instituzioa» aldarrikatzen du. Departamendua izan daiteke lehen urratsa batzuentzat, besteentzat harago joan beharko litzateke eta koadro autonomikoa lortu. Zertarako behar da instituzio hori?

Gure herriko biztanleen beharrei erantzuteko gaitasuna duen instituzio bat behar dugu. Amikuzeko 27 herrietan egin ditugun bilkura publikoetan ikusi dugu amikuztarren kezkak lurra, etxebizitza, ekonomia, sozial, azpiegitura eta kultura ataletan direla. Argi da departamendu mailako instituzio bat ez dela aski atal horiei guztiei erantzuteko. Defenditzen dugun eskumen zabaleko instituzio hori autonomia bat izan daiteke. Gure iritziz, instituzio hori, herritarrengandik hurbil izan beharko da eta, bestalde, «mugaz gaindikoa» deritzoten eskumena beharko du. Ezin dira Pauetik ala Bordeletik erabaki Euskal Herriaren hegoaldeko lau lurraldeekin garatu beharreko harremanak.

Zu ez ezik, bada beste hautagai bat ere -Sauveur Bacho- eskuinari aurre egiteko. Departamenduaren aldeko bere engaiamendua ezaguna da. Uste al duzu itzala egingo dizuela?

Sauveur Bacho departamenduko Alderdi Sozialistaren sostenguarekin aurkezten da. Ezkerreko programa aurkeztu du, baina ez abertzalea. Defenditzen ditugun hainbat punturekin bat egiten du. Baina lurraldetasunari buruz edo euskal gatazkaren konponketari buruz, Bacho jaunak ez du gure ikuspuntu bera. Bere hautes-aldizkarian Georges Labazee -Jean-Jacques Lasserreri departamenduko lehendakaritzarako aurre egiten diona- sostengu gisa agertzea kontraesana da Bachok defenditzen dituen baloreekiko. Eskuineko ala ezkerreko frantses gobernu desberdinen jarrera -eta, ondorioz, lekuko hautetsi departamentalena ere bai- nolakoa izan den dakigularik, ez dugu ilusiorik sobera euskal gaientzat. Pauen lehendakaria Labazee ala Lasserre izan, abertzaleentzat berdin izanen da: Euskal Herria ez da herri gisa ezagutua izanen. Errepresioa, ukazioa eta gure eskubideen mespretxua berdin izanen dugu.

A. M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo