GARA > Idatzia > Mundua

Ricekin mintzatu ondoren, negoziazioak berriz hasiko dituela adierazi du Abbasek

Israelekin ez zuela negoziatuko eta harreman guztiak etengo zituela jakinarazi zuen Mahmud Abbas presidenteak asteburuan. Atzo, ordea, iritziz aldatu, eta elkarrizketak berriz hasiko dituela esan zuen.

GARA |

Pasa den asteazkenetik Israelek ehun palestinar eta gehiago hil ditu Gazan. Atzo bertan, bi asteko ume jaioberri bat eta Yihadeko ustezko kide bat hil zituen Armadak Gazako hegoaldean. Jan Junisetik gertu dagoen Al-Qarara hirira sartu ziren soldaduak. Talde armatuak jakinarazi zuenez, Yousif Smairi oso gertutik tirokatu zuten. «Odol hotzean hil zuten», salatu zuen. Maan agentziaren arabera, etxea tankeekin inguratu ondoren, ume jaioberria hil zuten. Haren aita zonaldean bizi ziren lagun batzuk ikustera joana zen. Bai bera bai, Smairiren semea atxilotu egin zituzten.

Asteburuko eraso etengabeak zirela-eta, Mahmud Abbas presidente palestinarrak adierazi zuen Israelekin negoziazioak eta harreman mota oro eten egingo zuela. Horiek berriro hasteko ezinbesteko baldintza ipini zion Ehud Olmerten Gobernuari: Gazaren aurkako erasoei amaiera ematea. Atzo, ordea, Abbasen bozeramaile Nabil Abu Rudeinak bake prozesua berriro abian jartzeko asmoa dutela iragarri zuen. Bere hitzetan, xedea «okupazioa amaitzea eta Jerusalen hiriburu izango duen Estatu palestinarra eraikitzea da». Ez zuen datarik aipatu.

Adierazpen horrekin, Abbasek ordu batzuk lehenago -Hungariako presidente Laszlo Solyomekin batera eginiko agerraldian- esandakoa argitu zuen. Elkarrizketei eusteko «Cisjordanian eta Gazan su-eten orokorra eta aldebikoa» exijitu zuen.

Bi adierazpenen artean, ANPko burua Estatu Batuetako Estatu idazkari Condoleezza Ricekin bildu zen. Honek bake prozesua bertan behera ez uzteko, eta Anappolisen hitzartutako plangintzaren ildotik jarraitzeko eskatu zion. Abbasek Riceri «bake prozesua eta elkarrizketak babesteko egin dituen esfortzuak» eskertu zizkion. «Elkarren arteko lasaitasuna berrindartu nahi izan du, Egiptoren laguntzarekin», plazaratu zuen.

Dahlan-en eskaera

Bestalde, Gazan Al-Fatah-ko buruzagi Mohammed Dahlanek mugimenduko kideei gutun baten bidez eskatu die Hamasekin batera Israelen erasoen aurka borrokatu ez dezatela. Gutuna «sekretupean» gordetzeko esan zien arren, Jordaniako astekari batek argitara eman du. Horrez gain, Hamas boteretik botatzeko, AEBekin akordiorik adostu izana ukatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo