GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ibarrako zazpi gazte Rubalcabaren enbidoa jasateko zorian dira

Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro espainolak enbidoa egin zion euskal gizarteari: hauteskundeak bitartean, hiru digituz osatutako atxiloketa kopurua. Rubalcaba «hitzeko pertsona» dela frogatzen ari da. Haatik, bere gatibu zakua betetzeko grina dela-eta, epaile eta fiskalen hitzak haizeak eraman ditu. Horren lekuko, Ibarrako zazpi gazte hauek Auzitegi Nazionalarekin adostu- tako akordi0a hautsi, eta espetxeratzeko zain dira.

p024_f01.jpg

Oihana LLORENTE

Goar Jimenez, Mikel eta Josu Ozaita, Haritz Sudupe, Eñaut Garmendia, Jon Otegi eta Ibon Aranalde atxilotzeko arriskuan dauden Tolosalde- ko zazpi gazte dira. Epaiketa aspaldi igaro zuten, aske gelditu ziren, eta, orain, fiskalak berak adostu eta hitzartutako akordioa eten, eta kartzelatzeko agindua jarri die auzitegi bereziko epaileak.

Duela hilabete inguru izan zuten zorigaiztoko erabaki horren berri. Euren abokatuak fiskalaren asmoak jakin bezain pronto eman zien aditzera eta itxaropenerako tarte askorik ez zien utzi: «Egoera zein den ikusita, hauteskundeen aurretik izan zaitezkete atxilotuak». Kartzelatuak izango direla jakitea «gogorra» dela aitortu dio GARAri Aranaldek. Ia sei urte dira operazioa abiatu zenetik, eta tarte horretan inkomunikazioa eta espetxea bizi ostean, Ibarrara bueltatu eta dena ahazten ahalegindu dira, are gehiago, epaiketa izan eta espetxeratuak izango ez zirela jakitean.

Orain ordea, denborak atzera egingo balu bezala, espetxean sartzeko prestatzen ari dira. «Gurekin jolasten dabiltzala dirudi, xake partidako fitxak bezalakoak gara». Halaxe azaldu ditu Aranaldek bere sentsazioak. Gatibu hartu eta bost hilabetera guztiak aske geratu zirela gogoratu du, eta horren zergatia ere egoera politikoan oinarritzen dela azaldu du «Garai horretan gu askatzea interesatzen zitzaien, eta orain aldiz, atxiloketa kopurua handitzea».

Aranalderen usteak errealitatetik oso urrun ez dabiltzala dirudi, eta herri honek azkenaldian bizi duen errepresio zoroa da horren testigu. Estatu espainoleko Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak espainiar hauteskundeak bitartean egingo ziren atxiloketen zenbatekoak hiru digitu izango zituelako enbidoa egin zuen duela hilabete batzuk. Baita ondo bete ere, aspaldi gainditu baitzituen 200 atxiloketak.

Azken hileetan, Rubalcabak frogatu du «hitzeko pertsona» dela, haatik zakua betetzeko duen grinagatik hainbat epaile eta fiskalen hitzak haizeak eraman ditu. Hor ditugu abenduan preso hartutako bederatzi gazte bizkaitarrak, Auzitegi Nazionalarekin tratua egina zutenak espetxean ez sartzeko. Arantza Zulueta abokatuak haserre hartu zuen azken ebazpena eta auzitegi bereziaren «salto kualitatibotzat» jo zuen, ohikoak ez ziren bi alderdi biltzen zituelako: bata, bi urteko espetxeratzea ezartzea eta, bestea, hitzartutako akordioa hautsi izana. «Orain arte ikusi ez ditugunak ikusten ari gara», eman zuen aditzera; hala, Auzitegi Nazional espainolean egiten den azken akordioa izan daitekeela esateraino iritsi zen Zulueta.

Ibarrako gazteak 2002ko urrian atxilotu, eta lau urte igaro ostean, Madrilgo auzitegi berezian epaitu zituzten. Hasiera batean kale borrokako ekintzetan parte hartu izana egotzita, euskal gazteen aurka sekula eskatu den espetxe zigor handienetakoa eskatu nahi zuen Auzitegi Nazional espaino- lak. 32 urtetik 96 bitarteko behin-behineko eskaerak egin zituen Fiskaltzak; orotara 300 urtetik gorako espetxe zigorra, hain zuzen ere.

Azken orduan ordea, bi aldeek hitzarmen bat lortu eta, ondorioz, bi urteko espetxe zigorra, sei urteko gaitasungabetzea eta kalte-ordainak ordaintzea ezarri zien Madrilgo auzitegi bereziak Tolosaldeko gazte hauei.

Epaileak ezarritako diru kopurua oso handia zen; Aranalderena kasu, 67.000 eurokoa. Haatik, gazte hauek garai horretan bizi zuten egoera ekonomikoa oso oparoa ez zela eta kaudimenik ez zutela jakina bazen ere, akordioa itxi egin zen. Orain, urtebete eta lau hilabete igaro direnean, kalte-ordainak ordaindu ez dituztela argudiatu, eta zazpi gazteei bi urteko espetxe zigorra beterarazi nahi diete agintari espainolek.

Ibarrako gazteen abokatu den Ainhoa Bagliettok «injustizia» begiztatzen du erabaki honen atzean. Haren ustez ez dago eskubiderik halako egoerarik baimentzeko; finean, gazte hauen askatasuna erosi egin daiteke. Salatu duenez, era honetako deliberamenduek «txiroak espetxera eta aberatsak kalean uzten ditu», eta ebazpen horren oinarrian «sekulako bidegabekeria» dago. Albistea onartzeko apenas astirik hartu gabe, zazpi gazteak bildu, eta eurei jazotakoa sala-tzen hasi ziren, mobilizaziorako egutegia antolatuz eta euren auzia komunikabideetan zabalduz.

Euren amesgaiztoa 2002ko urrian abiatu zen, hilaren 7an. Gaua zen jada, eta gehienak euren etxeetan lo zeuden arren, Guardia Zibilaren ate jotzeak laster iratzarri zituen guztiak. Gogoz eta gau osoan zehar aritu zen ate joka, Tolosaldeko bederatzi etxebizitzetan sartuz, eta zazpi gazte hauekin batera Gaizka Altuna eta Garikoitz Ibarluzea ibartarrak ere gatibu eramanez.

Ezinegona azkar zabaldu zen Ibarra herrian barrena, eta lehenengo eguzki izpiekin batera herritar orok izan zuen gertatutakoaren berri. Indarrez erauzitako ateak, guraso eta anai-arreben aurka zuzendutako armak, mehatxuak, agindurik gabeko miaketak, diru lapurretak... etxez etxe errepikatutako gertaerak izan ziren.

Gatibu hartu ostekoak izan ziren gazte hauentzako «egunik gogorrenak», inkomunikazio aldia, alegia. Aranalde atzera begira jarri, eta «paranoia» bat izan zela gogoratu du. Bera Leaburun bizi zen, bakarrik, eta ate hotsak entzun eta Guardia Zibila zela ikusita ikara sartu zitzaion barren-barreneraino; beldurraren eraginez atzeko atetik ihes egiten ahalegindu zen, baina alferrik, han ere guardia zibilak zeuden-eta. Kolpeak, mehatxuak, presioak... bidai osoan jasan zituela gogoratu du, eta «ez nekien zenbat atxilotu izan ziren; lehen hiru egunetan bakarrik nengoela uste nuen», gaineratu du. Euskal herritar askok pairatu duten «infernua» igaro zuela aitortu du.

«Sobera luze» egindako lau egunen ostean, komisariako leotzak atzean utzi eta epaile aurrera jotzeko eguna heldu zen. Madrilgo epaitegi berezian, «igarotako kalbarioa» azaldu zioten epaileari. Ohikoa denez, «itsu, mutu eta gor» geratu zen, eta Gaizka Altuna izan ezik, espetxera bidali zituen denak.

Lau bat hilabete igaro zituzten Estatu espainoleko espetxeetan preso eta sakabanaturik. Hasiera batean, Soto del Realen egon ziren denak, gerora banatu egin zituzten; Mikel Ozaita eta Goar Jimenez gazteenak ziren eta Alcala Mecon eduki zituzten; besteak Soto del Real, Navalcarnero eta Aranjuezen izan ziren kartzelatuak.

Ondoren, akordioaren zorioneko berria iritsi, eta kalean ziren, hori bai, bakoitzak bi milioi pezetako fidantza ordaindu ostean. Ibarrara bueltatu ziren zazpiak eta bakoitzak bere bizitzari, utzitako lekuan, heldu zion. Ikasketekin hasi edo jarraitu, lana bilatu, etxebizitza topatzeari ekin...

2006ko urrian iritsi zen epaiketa. Euren amesgaiztoa bukatuko zelakoan ziren, baina ez da horrela izan.

 

SEI URTE

Sei urte igaro dira Guardia Zibilak operazioa egin zuenetik, eta bi epaiketaz geroztik. Orain ordea, espetxeratzeko zain dira gazteak.

Kronologia

2002 urriaren 7a

Guardia Zibilak Ibarra eta Tolosaldeko beste hainbat etxe erabat okupatu eta bederatzi gazte atxilotu zituen kale erasoak egin izana egotzita. Atxilotuak Goar Jimenez, Mikel eta Josu Ozaita, Haritz Sudupe, Eñaut Garmendia, Jon Otegi, Ibon Aranalde, Gaizka Altuna eta Garikoitz Ibarluzea izan ziren.

2002ko URRIAREN 11

Lau egunez Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikaturik egon ostean, epailearen aurrean agertu ziren bederatzi gazteak. Gaizka Altuna izan ezik, beste zortziak espetxera bidali zituzten. Inkomunikazioak iraun bitartean, Guadia Zibilaren eskutik tratu txarrak jasan zituztela salatu zuten.

2003ko otsaila

Lau hilabete Estatu espainoleko espetxeetan preso eta sakabanaturik igaro ostean, aske gelditu ziren.

2006ko urria

Hasiera batean, kale borroka ekintzetan parte hartu izana egotzita inoiz galdegin den espetxe zigor handiena eskatu zuen Fiskaltzak gazte hauen aurka: 32 eta 96 urte arteko kartzela zigorrak, hain zuzen ere. Bi aldeen arteko hitzarmen batek ordea, bi urteko espetxe zigorra ekarri zuen. Hortaz, inork ez zuen espetxera joan behar izan.

2008ko otsaila

Kalte-ordainak ordaindu ez izanaren argudioarekin, Auzitegi Nazional espainoleko epaileak hitzarmena hautsi, eta Ibarrako zazpi gazteak bi urteko kartzelaldia bete dezaten atxilotzeko agindua eman zuen. Egun, kalean dira atxiloketa noiz gertatuko ote den zain.

OHOREA

Ibarrako gazteek ez dute dena ilun ikusten eta horren froga, bi urtez EPPK-ko kide gisa borrokan aritu izana ohore bat izan zela adierazi dute.

Beren atxiloketaz harago ere, konpromisoa galdegin dute

Ibarrako zazpi gazteek argi dute euren espetxeratzea ez dela elementu «isolatua» eta «ezker abertzalearen aurka abiatutako ofentsibaren barnean» kokatu dute beren egoera.

Atxiloketak gertatzen direnean, duela sei urte «erantzun zuten moduan» erantzuteko eskaera egin diete gazteek euren bizilagunei, eta unean uneko mobilizazioetaz harago, «herri honen alde lan egiteko eskaria» egin nahi izan diete. «Denak batuta garaiezinak gara», horretaz ziur agertu da Aranalde, eta horregatik euren bizilagunei lanerako eta borrokarako gonbita egin nahi izan die. «Bakoitzak bere motxila hartu behar du», nabarmendu du. O. L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo