GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Elecciones cantonales y municipales

«Hautagaitza ezkertiar eta abertzaleak bozkatzera deitzen ditugu gazteak»

p012_f02_60x92.jpg

 
CLARA ROUGET
SEGI-KO KIDEA

Gazteek Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan dituzten arazoei aurre egiteko borroka ezinbestekotzat jotzen du. Ildo horretan boza ematea «urrats bat» dela iritzita, hautagaitza ezkertiar eta abertzaleen alde bozkatzera deitu ditu gazteak.

«Hauekin etorkizunik ez» kanpaina hasi du Segik joan den azaroan. Zein da helburua?

Etxebizitzaren inguruan lan ildo bat abiatu genuen arazoaren erantzuleak identifikatu eta salatzeko asmoz. Gazteok ez dugu gure lurrean bizitzerik, eta errudunak alor anitzekoak dira: etxebizitza agentziak, banketxeak, sustatzaileak, noski, eragile zuzenak dira. Baina alderdiek eta instituzioek, adibidez EPFLk ere [lurra kudeatzeko erakunde publikoa], badute beren ardura. Jaunttoek espekulazioa bultzatzen dute haien poltsikoak betetzeko. Frantziar Estatutik heldu den politikak gure arazoak konpondu ordez, zapalkuntza eta errepresioa bideratzen ditu.

Frantziar Estatutik errepresioa azkartu egin da azkenaldian. Atxiloketak ugaritu dira. Zein balorazio egiten du Segik egoera honen aurrean?

Estatu frantsesaren estrategia argia da. Euskal Herriko arazoa bere sasi-tresnekin kudeatu nahi du: Euskal Herria 2020 eta beste. Horrez gain, abertzaleek eraikitzen dituzten alternatibei errepresioarekin erantzuten die. Horrela pasa da Kalakako muntaia polizialarekin, Kako aferan, herriko tabernen miaketekin... Gazteek lehen larrutik pairatzen dugu errepresio hori: identifikazioak, Segi-ko militanteen aurka areagotzen ari den jazarpen poliziala, atxiloketak... Gazteak kriminalizatzeko Estatuaren saiakerak gazteak beldurtzea du helburu, baina borrokan jarraituko dugu, hori delako Euskal Herriak behar duen bidea.

Hauteskundeak hurbil dira. EH Bai-ri eta ezkerreko plataforma abertzaleei bozkatzeko deia egin du Segik. Zergatik?

Ipar Euskal Herriko gazteok pairatzen ditugun arazoen analisia egin dugu. Balantzea ezaguna da. Ikasketak egiteko kanpora joan beharra, lurraren arazoa, euskara gero eta gutxiago mintzatzen da gazteen artean, turistifikazioa... Arazo horiei aurre egiteko, proiektu ezkertiar eta abertzalea da, gure iritziz, zilegitasuna duen bakarra, orain agintean dauden jaunttoak egoeraren erantzule zuzenak baitira. Ondorioz, kantonamenduetan ezkertiar eta abertzale bozkatzera deitzen dugu, hau da, EH Bai plataformaren alde bozkatzera deitzen ditugu gazteak. Gainera, EH Bai instituzio berezi baten alde agertzen da, eta hori oso garrantzitsutzat dugu arestian aipatu arazoak konpontzeko. Instituzio berezirik gabe, egoerak okerrera eginen du. Herri bozetan, berriz, ezkertiar eta abertzaleak diren herri plataformen alde bozkatzeko deia egiten dugu, arrazoi berberengatik.

Abertzale batzuk, herri batzuetan (Angelu, Biarritz, Hazparne...), UDF edo UMPko plataformetan sartu dira. Zein balorazio egiten duzue hori ikusita?

Segi-k ez du plataforma horien alde bozkatzeko deirik egiten. Egoera paradoxikoa da, lotsagarria. Sarkozyren politika sostengatzen duten alderdiekin aurkeztea, Euskal Herrian errepresioa ugaritzen duen politika sostengatzea da. Herri batzuetan egoera absurduetara heltzen da. Angelun, adibidez, ezkerreko LCR alderdiak zerrenda bat aurkeztu du. Urte osoan zehar zerrenda horko jendearekin elkarlan eta harreman anitz dituzte abertzaleek: proiektu sozialetan, errepresioaren aurka... Baina hauteskundeetan, urtean zehar elkarlanean ari direnak elkarren aurka aurkezten dira. Eta hori dena, eskuinekoa eta Sarkozyren aldekoa den Villenave alkatearen zerrendan sartzeko. Lotsagarria da.

Abertzale horien argudioa, ordea, boterean parte hartuz gauzak hobetzea da. Zer diozu?

Oposiziotik sekulako lana egiten ahal da. Uztaritzen bizi naiz, eta han 1989tik plataforma abertzalea lanean ari da. Herrian gauza pila oposiziotik egin den lanari esker mugitu dira. Abertzaleek lan zintzoa egin behar dute, eta proiektu ezkertiar eta abertzaleen alde egin. Boterean sartzearren proiektua pikutara botatzea ez da kontua. Eskuineko jaunttoen zerrendetan sartuz, Euskal Herriak bizi duen zapalkuntza aldatuko dela uste duena oker dabil.

Kanpaina aitzina doa. Gazteriak pairatzen dituen arazoak aipatu dituzu. Bozak al dira arazo hauei konponbidea emateko tresna bakarra?

Bozkatzearekin arazoak konpontzeko lehen urratsa eman dezake gazte batek. Baina, hauteskundeetatik harago gazteok gure alternatibak eraiki behar ditugu, eta horretarako, borroka tresnarik egokiena da. Instituzioetatik arazoak konpontzeko tresnak eskaintzen ez direnez, guk eraiki behar ditugu alternatibak. Zentzu horretan, gazte independentistek martxoaren 21etik aurrera Lezon antolatuko duten Topagunea adibide ona da. Gazte Topagunea bozgorailu eta leiho bat izanen da gazteek independentziaren alde eraikitzen duten lana ikusteko. Horregatik animatzen ditugu gazte guztiak Lezora joan eta Topagunean parte hartzeko.

Eneritz ZABALETA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo