Gazako krisiak Hamas indartzen du
Nazioarteko gobernuz kanpoko erakunde nagusiek salatu dutenez -Amnesty International eta Oxfam, besteak beste-, Gazako egoera kritikoa da. Israeldar setioaren ondorioz, Palestinako lurralde horretako biztanleak 1967ko gerratik bizi izan duten krisi humanitariorik sakonena jasaten ari dira. Krisiaren ezaugarriak ekonomiaren kolapsoa, langabeziaren mugagabeko hazkuntza eta osasun eta hezkuntza sistemen etena dira. Talde horien iritziz, egoera «gizakiek egindakoa da, erabat saihets daiteke eta borondate politikoa egonez gero itzulgarria da». Halere, txostena motz geratzen da John Dugard NBEko ordezkariaren adierazpenekin konparatuz gero. Izan ere, horrek argi eta garbi esan du palestinarren biolentzia politikoa israeldar okupazioaren, kolonialismoaren eta apartheidaren «ondorio saihestezina» dela.
Setioaren helburua Hamas isolatzea bazen ere, kontrako efektua lortu du: palestinarrak Hamasen inguruan trinkotu ditu, eta Gobernuaren zilegitasun moral eta demokratikoa areagotu du. Ondorioz, gero eta argiago agertzen ari da Hamasekin negoziatzeko beharra. AEBetako Administrazioak ere hori onartu behar izan du, eta Omar Suleiman egiptoar inteligentzia zerbitzuen burua izendatu dute kontaktuak abiatzeko. Beraiek ez dutelako «terroristekin hitz egiten». Horretarako ordezkariak bidaltzen dituzte.