Olatz Olariaga Herrio Natur Taldea
Herriaren etorkizuna?
«Horrelakoa izango da Orio hemendik 10 urtera», hala dio «Orioko Plaza» aldizkariko azken aleko artikuluak. Azken hamar urteetan herriak jasan duen aldaketarekin gustura al gaude? Ez al duzue tristurarik sentitzen autopistatik itsasorako Orio ikusita? Eta herri aldera begiratuta? Guk bai!
Hondartza ingurua eraikinez josi dute. Munto ingurua, Dike ingurua, Aizperroko industrialdea, eraikitzeko asmoa dago. Bitartean, autopistaren zabaltze lanak eta autopista sarrera-irteera aurrera doaz. Herrian hutsik dugun lur lau guztia eraikinez betea izango da hamar urteren buruan. Bat-batean eraiki eta eraiki eta eraiki, ez al dugu presa handiegia lurzorua hormigoiz estaltzeko?
Lehengo Orio, alde zaharra alegia, ikusi non dagoen, muino baten gainean. Eta etorkizuneko Orio, berriz? Hara non eraikiko dugun, errioak berea duen lur eremu handiena hartzera goaz. Benetan aztertu al da honek zein ondorio izan ditzakeen? Taxuzko azterketa hidrologikorik inoiz egin al da?
Errioak berea duen uholde lautada hormigoiz betetzeak uholde arriskua ez ote du areagotuko? Eraikinen promotoreak agindutako proiektuan horrela azaltzen da, baina sinesgarria al da?
Eraikuntza batzuk beharrezkoak dira, bai, baina beste batzuk ez. Oreka bilatu behar da beti ingurumenaren eta gure beharren artean. Horretarako, herritarrek izan behar dute hitza, beraiek adierazi behar dute zer behar duten eta behar horien gainean azterketa sakonak egin behar dira.
Azken batean, guk «erabakitzeko ahalmena izan dugu», baina zein izango da gure ondorengoen erabakitzeko ahalmena Orion beraien beharrak asetzeko tokirik ez bada?