GARA > Idatzia > Kultura

«Apal baina eragingarria» nahi dute Piratek II. Musika Lehiaketa

«Bota aingura gune herrikoietan» leloarekin, II. Musika Lehiaketa antolatu dute Donostiako Piratek. Helburuak iazko berberak dira, parte hartzea sustatzea eta taldeei aukera bat ematea, alegia. Baina lehiaketa eragingarriagoa izan dadin, aldaketa batzuk egin dituzte.

p053_f02_148x096.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

Donostiako Piratek hainbat aldaketa egin dituzte arauetan, eta gehienbat horien berri eman zuten atzo, Musika Lehiaketaren bigarren edizioa aurkezteko eskaini zuten prentsaurrekoan.

Saria da, beharbada, aldaketarik nabarmenena, aurten 600 eurokoa izango baita -lehiaketa «apal baina eragingarria» nahi dute Donostiako Piratek-, baina ez da bakarra.

Iaz ez bezala, II. Musika Lehiaketa Gipuzkoako talde gazte guztiei irekita dago, estiloa edozein dutela ere, eta ez soil-soilik Donostialdekoei.

Interesatuek gutxienez hiru abesti (zuzenean, estudio edo lokal batean grabatuak) CD batean bidali beharko dituzte, eta horrekin batera, taldeari buruzko informazioa. Aurten, hori bera MP3 formatuan eta e-postaren bidez egitea ere izango dute. Maiatzaren Lehenean bukatuko da lanak aurkezteko epea.

Hiru fase izango ditu lehiaketak. Lehenengoan, aurkeztutako maketa guztiak kontuan izanik, sei talde «deigarrienak» aukeratuko ditu musikariz eta kazetariz osatutako epaimahai batek. Bigarren fasean, berriz, bi finalerdi jokatuko dira, hiruna talderekin. Talde bakoitzak 40 minutu inguruko errepertorioa prestatu beharko du, tartean, gehienez ere, bi bertsio sartuz. Finalerdi bakoitzetik talde bana sailkatuko da hirugarren faserako, finalerako, alegia. Eta final horretan zehaztuko da bietatik zein den irabazlea. Bai finalderdiak, bai finala, Donostiako Kafe Antzokian jokatuko dira.

www.izanpirata.info

Lehiaketaren berri zehatzagoa izanpirata.info webgunean aurkituko dute interesa dutenek.

Iaz bi sari izan zituen irabazleak: alde batetik, Aste Nagusiari begira Donostiako Piratek Trinitate Plazan Berri Txarrak eta Etsaiak taldeekin antolatu zuten kontzertuan jotzeko aukera; eta, bestetik, Andoaingo Garate estudioetan astebeteko grabaketa. Aurten, berriz, sari bakarra banatuko da: 600 euro. «Aldaketa honen arrazoia -adierazi zuten Donostiako Piratek- oso sinplea da. Gaur egun, edozein taldek du aukera estudio batean grabatzeko, dirua edukiz gero, jakina. Zuzenekoekin arazo gehiago dituzte, baina, mugituz gero, lor ditzakete. Horregatik saria sinpleagoa izatea erabaki dugu: detaile bat. Lehiaketak, oroz gainetik, parte hartzea sustatu eta talde gazteei, bozgorailu bat eskainiz, bidea erraztu nahi die».

Iaz, 42 izan ziren Musika Lehiaketan parte hartu zuten taldeak. Azkenean, Instep oiartzuarra nagusitu zen. Beste zazpi finalista izan ziren, honakoak: Basanabasa, Brutal Planet, Frida Pipol, Supertrooper, Toxika, UK-Bill eta Xikinkei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo