GARA > Idatzia > Editoriala

Emakumeen mina eta, batez ere, duintasuna

Emakumearen Nazioarteko Eguna salaketa eta borroka eguna izan ohi da urtero. Emakumeek, beren emakume izaera dela-eta, egunero jasaten dituzten erasoak, eskubideen urraketak, oro har, salatu eta haiei aurre egin beharrean baitaude, eta beraiekin batera, gizarte osoa. Eskubide urraketa horiek eraso fisikotik bazterkeriaraino zabaltzen dira, etxean edo kalean, lanpostuan eta bizitzako arlo guztietan. Erasotzaileak bikotekidea, nagusia edo lankidea izan daitezke, eta, sarritan, ustez emakumeen eskubideak bermatu beharko lituzketen administrazioak ere bai, aurtengo martxoaren 8an Iruñean Gobernu espainolaren Ordezkaritzak argi erakutsi zuenez. Polizia espainolak gogor jardun zuen, emakumeen salaketarekin bat omen datorren gobernu baten aginduz eta haien eskubideak bermatzeko dauden epaileen laguntzaz.

Polizia, manifestazio baketsu bat amaitutakoan, oldartu egin zen emakumeen kontra, jai eta aldarrikapen ekitaldien ondoren. Gehiegi pentsatu gabe galdetzeko modukoa da, zer erasotatik, zer arriskutatik eta nor defenditu nahi zuen. Eta, zer gaitz saihestu zuten «gutxieneko bortxa ezinbestekoa» erabilita, dozenaka emakume zaurituta, alegia. Egun horretan emakumeek borrokatzeko arrazoi handiagoa zuten, ohiko erasoen kontra eta gutxietsi zituen debekuaren kontra, beren duintasuna ez dagoela kolokan jartzerik ozenki aldarrikatzeko. Gorputza minduta eta ubeldurek zatartuta, argi utzi zuten beren duintasuna ez dagoela kolokan, hainbat instituziotako arduradunena ez bezala.

Nafar emakumeek bereizkeriaren biktima egiten dituen gizarte eredu bat salatzeko asmoa zuten larunbatean, eta salatu ere, minez baina irmoki, salatu zuten. Halaber, nabarmen utzi zuten nola jokatzen duen, bere pribilegioak mehatxatuta daudela uste duenean, gizarte eredu patriarkal bortitzak. Azken martxoaren 8a hauteskunde aurreko hausnarketa eguna izan zen. Zoritxarrez, nekez pentsa daiteke hainbat agintarik beren jokaerari buruz hausnartzeko minutu bakar bat ere hartzen duenik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo