GARA > Idatzia > Euskal Herria

Donostiako Piraten II. Musika Lehiaketa abian da berrikuntzaz beteta

GARA |

Donostiako Piratek bigarren musika lehiaketari ekingo diote berehala; aurtengoak gainera, berrikuntza ugari dakartza. Lehiaketa honekin, Donostiako Piratek Gipuz-koa osoko taldeei laguntza eskaini nahi diete, «beraien bozgorailu izan», nabarmendu zuten atzo egindako agerraldian.

Iaz ez bezala, esku hartze eremua Gipuzkoa osora zabalduko dela adierazi zuten bertan. Beraz, datozen bi hilabeteetan, ohiko posta edo posta elektronikoa erabilita, parte hartu nahi duten musika talde gipuzkoar guztiek beren grabazioak igorri beharko dituzte. Hori bai, gutxienez hiru abestiz osatutako maketa izan beharko du.

Lehiaketa hiru fasetan banatuko dela adierazi zuten. Jasotako grabazio guztietatik epaimahaiak sei hautatuko ditu; eta, ondoren, finalerdietan, hiruna taldek kontzertuak eskainiko dituzte. Final nagusian, aldiz, bi talde baino ez dira egongo. Finalerdiko zein final nagusiko kontzertuak Donostiako Kafe Antzokian izango direla ere gaineratu zuten atzoko agerraldian.

Iazkoarekin alderatuz gero, sariak ere izango du aldaketarik. Iaz, Andoaingo Garate estudiotan aste beteko grabazioa eta Donostiako Aste Nagusian Piratek antolatzen duten kontzertuan jotzeko aukera izan ziren sari; aurten, aldiz, 600 euroko diru saria izango da talde garaileak eskuratuko duena.

Iaz izan zuten lehen musika lehiaketa, eta, atzo, agerraldian hura ere aztertzeko parada hartu zuten. «Esperientzia positiboa» izan zela eman zuten aditzera, eta parte hartzea izanik lortu nahi zuten helburua, esku hartzea «oparoa» izan zela baiezta- tu zuten. Iazko datuak ere atera zituzten mahai gainera: 42 musika talde aurkeztu ziren lehiaketara eta 200 ikusletik gora bildu ziren Loiolako Gaztetxean egindako kontzertuetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo