GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Pentsamolde burgesa

Prostituzioa gai konplexua da oso eta, hortaz, ez dut hemen lerro bitan hartaz jarduteko asmorik. Esango dut, ordea, prostituta guztiek nire errespetu osoa dutela -eta horregatik ez naiz jatorragoa-, eta askok nire elkartasuna, bestelangile askorengana dudana bezalakoa. Bezeroen kontra, berez, ez dut ezer, are gutxiago prostitutak, emakume horiek, ahalik eta ondoen bizitzea nahi badugu. Eta bai, badakit haiei onena opatzea prostituzioan (nahi duenak) jardun gabe duintasunez bizi izan daitezen opatzea dela, baina hori ez dago nire esku, eta hala gerta dadin ahalmena dutenek ez dute nahi. Beraz, ez dezatela bezero faltarik izan.

Azken egunotan New Yorkeko gobernadore Eliot Spitzer, dagoeneko gobernadore ohia, munduko putazalerik ospetsuena bihurtu da. Kasuaren eragin politikoa alde batera utzita, ez dakit ondo zein den arazoa, edo arazoaren muina; arazoa, izan, bada eta. Hipokrisia? Zalantzarik ez, hipokrisia handiaren adierazle da Spitzerren kasua, gobernadore ohia prostituzioaren kontrako legeak gogortzeko ahaleginean nabarmendu baitzen.

Nire ustez, arazoa mentalitatea da. Mentalitate burgesa. Arautegiak ezinbestekotzat jo eta, behar denean, edo hala uste dutenean, arautegi erabat zurrunak sortzen edo iradokitzen eta finantzatzen dituzte. Arautegiak, edonola ere, ez dira beraien buruengan pentsatuta eginak. Eta ez gaizki ulertu. Jakina beren buruengan pentsatuta egiten dituztela, baina arauak betetzea beraien beharrizana ez den kontzientziarekin. Ziurtasunarekin. Beraiek pentsatu egiten dute, munduan ezinbesteko postu bat betetzen dute. Langile batek bezala, bai... hala ere, ez dago bien garrantzia alderatzerik.

Nik ez dut Eliot Spitzer ezagutzen, baina bai haren pentsaera duen jenderik. Ez gobernadorerik, are gutxiago New Yorkekorik; pentsaera bera duen jendea baizik, politikaren edo negozioen bidez boteregune batera iristeko jomuga duena. Eta egingo nuke Spitzerrek pentsaera hori guztiz barneratuta duela, eta gertatu zaiona ez dela justua uste duela.

Baina arazoa besterik ere bada. Eliot Spitzerren putazaletasuna eta, batez ere hipokrisia, salbuespen gisa agertzen da. Baina erregela da, berresten duten salbuespenak eta guzti dituena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo