GARA > Idatzia > Kirolak

BAT FORMULA | Australiako Sari Nagusia

Agatha Christiek idatziriko lasterketa

Lewis Hamiltonek nahi bezala eraman zuen denboraldiko aurreneko lasterketa. 22 pilotuetatik 7 baino ez ziren iritsi helmugara.

p042_f01_250x140.jpg

Arnaitz GORRITI | BILBO

«Hamar Beltx» istorioa Bat Formulara ekarria. Hori zirudien bart Melbourneko Albert Park zirkuituan ikusitakoak. 22 partaideetatik zazpik baino ez zuten amaitu 2008 denboraldiko aurreneko lasterketa. Britainiarrak izaki biak, bazirudien Agatha Christiek Lewis Hamiltonen alde idatzi zuela gidoia, izan ere, hamaika gorabehera jazo bazen ere, McLareneko pilotu britainiarrak ia erosotasunez lortu baitzuen garaipena.

Hamiltonen lasterketa lasaia salbuespena izan zen, ordea. Ingelesak aurrea hartu zuen irteeran eta Kovalainen taldekidearekin partekatu zuen burua.

Ez zen aurreratze asko izan pistan, baina bai zalapartarik. Nahi beste. Lehenengo bihurgunean sei auto hankaz gora joan ziren, eta lehenengo itzulia osatu aurretik egin zuen safety car-ak aurreneko irteera. Irteeratik ezer onik atera zuten bakarrak Kimi Raikkonen eta Fernando Alonso izan ziren. Kolpetik makina bat postu aurreratu zuten.

McLarenek beste behin bere nagusitasuna erakutsi zuen. Iazko tirabira antzurik gabe, planifikazioa ederki atera zitzaien Ron Dennisek zuzendurikoei. Esan gabe doa Lewis Hamiltonek ezarririko erritmoa hartzea inork ere ez zuela lortu, nahiz eta itzulirik azkarrena Kovalainenek egin.

Raikkonenek eta Alonsok atzetik aurrera egin gura zuten, bitartean. Egungo munduko txapeldunak geldialdi bakarrera arriskatu zuen, eta ez zitzaion gaizki atera, aurkariak gasolina bila zihoazela probestuz, aurrera egiten baitzuen.

Renaulteko asturiarrak ere asko luzatu zuen bere aurreneko geldialdia, eta ia larrutik ordaindu zuen. 25. itzulian, Ferrariko Felipe Massak Coulthard gainditu zuen, baina britainiarrak, ez omen zuen ikusi, eta brasildarra jo zuen. Hortaz, safety car-a bigarrenez irten zen pistara. Itzuli horietan gasolinarik ezin denez hartu, ia gabe geratu ziren bai Ferrarikoa, bai Renaultekoa.

Raikkonenen gurutze-bidea

Bigarren etenaldiaren ostean, hamabosgarren postutik hirugarren posturaino igota zegoen Raikkonen. Baina Kovalainen herkidea aurreratzeko tentaldia handitxoa izan zen Raikkonenentzat, eta bihurgunean indartsuegi sartu, eta pistatik irten zen. Munduko txapeldunaren gurutze-bidea hasi baino ez zen egin.

Istripu eta matxuren artean -Piquet eta Massa brasildarrak eta Trulli, esaterako- 11 auto baino ez zeuden Albert Parken jira-biraka. Beraz, atzetik aurrera egitea ez zen hain zaila. Alabaina, finlandiarrak zibarena egin zuen. Bira horren erruz, autoaren aurrealdea izorratu zitzaion baina pistan eusten saiatu zen. Lau itzuliren faltan, Ferrariak poto egin zuen.

Aurrealdean, aldiz, Hamilton berriro alboratu zen gurpilak aldatzeko, eta bere taldekide Kovalainenek hori aprobetxatu gura izan zuen lasterketaren jabe egiteko. Alabaina, Gluck debutariak bazterra jo eta, Kovalainenen kalterako, hirugarrenez esku hartu zuen safety car-ak.

12 itzuli falta zirela bizkortu zen azkenengoz lasterketa. Hamiltonek garaipenerantz ihes egin zuen, Heidfield eta Rosbergen aurretik. Atzerago, laugarren posturako borrokan zebiltzan Toro Rossoko Bourdais -bi itzuliren faltan motorra lehertu zitzaion arte-, Alonso eta Kovalainen. Renaulta motelagoa zen, baina Alonsok azti jokatu zuen Kovalainen aurreratzeko. Kubicak lasterketa laga zuen Nakajimak kolpatu ondoren. Bi itzuliren faltan, McLareneko finlandiarrak Alonso gainditu zuen, baina hanka-sartze baten erruz -behar ez zen botoi bat sakatzeagatik- espainiarrak, Bourdaisen zorte txarraz baliatu, eta laugarren postua lortu zuen.

 
Istripu ugari

Pistan aurreratze gutxi izan bazen ere, zer kontatua izan zuen Melbourneko probak. «Safety car»-a bera ere hiru bider irten zen, istripu eta gorabehera ezberdinak zirela-eta. Aurreneko itzulia osatu aurretik lehenengoz.

hamilton, bikain

Gainerako pilotuak zalaparta bizian, istripu anabasa batean zebiltzan bitartean, Lewis Hamiltonek lasterketa primeran kontrolatu zuen. Hutsegite bakar bat ere ez zuen egin eta merezita irabazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo