GARA > Idatzia > Kultura

Thyl Ulenspiegel pikaroaren ibilerak euskaratu ditu Izagirrek

Charles de Coster-en «Ulenspiegelen elezaharra» euskaratu du Koldo Izagirrek. XIX. mendeko nobela hori, Pernando Amezketarraren moduko pikaro bat protagonista duena, oso ezaguna da... Espainiaren orbitan dauden herrialdeetan izan ezik. Kontakizuna Albako dukeak menperatutako XVI. mendeko Flandrian girotua izateak ba omen du zerikusirik, noski.
p049_f01_148X88.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

Alberdaniak, Elkarrek, EIZIEk eta Lakuako Gobernuak elkarlanean sustatzen duten «Literatura unibertsala» ekimenaren orain arteko azken emaitza da «Ulenspiegelen elezaharra». Charles de Coster-ek idatzi zuen, XIX. mendean. Baina, aurkezpen ekitaldian Koldo Izagirrek argitu zuenez, nobelaren protagonista, Thyl Ulenspiegel, ez da Coster-ek asmatutako pertsonaia, Erdi Aroaz geroztik Europako erdialdeko folklorean sendo errotuta dagoen pikaro bat baizik. Izagirreren iritziz, Thyl, hein batean, Pernando Amezketarrarekin aldera daiteke.

Nobela itzultzeaz gain, irakurri beharreko hitzaurre horietako bat paratu du Izagirrek. Hari jarraiki egin zuen liburuaren aurkezpena. Horren arabera, Thylen xelebrekeriek benetako pertsonaia baten ibileretan dute oinarri. Hezur eta haragizko Thyl Saxonian jaio omen zen, XIV. mendean, eta «alderrai bizi izan zen munduaren txatxukeriari barre eginez». Bere ateraldi eta pasadizoak ahoz aho zabaldu ziren, eta, denboraren poderioz, herri xehearen ordezkari «ofizial» bihurtu zen. Konbentzioen apurtzailea, hiztun beldurgarria, zurruteroa, kantaria, neskazalea, elizari izkin egiten ziona... hori dena izan zen Thyl.

Baina XIX. mendean, Belgika estatu gisa sortu berria zela, Charles de Coster-ek (1827-1879) herriaren oroimenean eta hainbat liburu zaharretan sakabanatuta zeuden Thylen inguruko ipuintxoak bildu, elkarren artean josi eta, batez ere, testuin- guru historiko jakin batean kokatu zituen: XVI. mendean, Felipe II.ak, Albako dukearen tropen eta Inkisizioaren bitartez, abertzaleak jazartzen zituen Flandes hartan. «Hots, Gregorio Muxikak Pernando Amezketarrari urte batzuk gehitu, eta Lehen Karlistaldian kokatu izan balu bezala», ohartarazi zuen Koldo Izagirrek. Horiek horrela, nobelak beste dimentsio bat eman zien Thylen kontakizunei. Are gehiago, «Felipe II.aren krudelkeriaren ifrentzu bihurtzen da Thylen ontasuna; honek garagardoa adina maite baitu hark (besteren) odola».

Ildo horretan, «Ulenspiegelen elezaharra» mundu zabalean ezaguna den arren, «hispanogintzak bere iraganari buruz daukan ikuspegi akritikoa» kontuan izanik, «ulergarria» da Espainiaren orbitako herrialdeetan gehiegi zabaldu ez izana. Gaztelaniaz, behin bakarrik argitaratu omen da osorik, 1927an. Azken hamarkadotan, berriz, bi edizio egin dituzte, 1971n eta 1986an, baina biak ala biak «purgatuta» daude. «Botatako kapituluak zein ziren asmatuko?», galdetu zuen Izagirrek.

Irakurle euskaldunak, berriz, Coster-en nobela itzuli aurretik ere izan du Thyl ezagutzeko aukerarik, Txilikuk 1980an plazaratu zuen «Till Eulenspiegelle» ipuin bildumari esker.

Hil ondorengo aitortza

«Ulenspiegelen elezaharra» idazteko nobelaren baliabideak erabili zituen Charles de Coster-ek, baina baita garai hartako nobela errealista edo naturalistetan indarrean ez zeuden baliabide batzuk ere, esaterako, pasarte lirikoak edo kantu herrikoiak. Beharbada horregatik, Charles de Coster bizirik zela, «Ulenspiegelen elezaharra» nahiko oharkabean pasatu zen. Egilea hil ondoren, aldiz, iritsi ziren aitortza, arrakasta eta monumentuak. «Egun, sailkagaitza den maisulantzat dute mundu zabalean», adierazi zuen liburuaren itzultzaileak.

Batuaz, bizkaieraren kutsu handi batekin

Charles de Coster-ek aita flandestarra zuen eta ama, berriz, waloniarra. Frantsesez idazten zuen -nederlandera jakin ere ez omen zekien-, baina Flandesek tira egiten zion biziki. Horrenbestez, Belgika sortu berrian, bere nobelan ere belgikartasunaren alde jokatu nahi izan zuen. «Ulenspiegelen elezaharra» frantsesez idatzi zuen, baina, XVI. mendean girotuta dagoen aitzakian, arkaismoz edo sasiarkaismoz bete zuen. Gainera, testua nederlanderazko hitzez eta kantuz hornitu zuen. «Horrela sortu zuen ez literatura nazional bat, baina bai obra nazional bat», nabarmendu zuen Koldo Izagirrek.

Coster-ek «sortutako» frantsesaren berezitasuna, alde batetik, eta, bestetik, Thylen armarik ohikoenak, elipsiak, hitz-jokoak eta, oro har, hizkerarekin zerikusirik dutenak direla kontuan izanda («nahiz eta ezpatak eta alkabuzak ez dituen menosten»), itzulpena erronka handia zen. «Batua estandarrean itzul liteke hau?», galdetu zuen Izagirrek, eta berehala erantzun zuen: «Bai eta ez».

Alde batetik, egilearen lekuan jarri, eta nolako jokoak egiten dituen barneratzen saiatu da. «Ez dut testua hitzez hitz jarraitu; askatasun hori hartu dut, eta ez dut uste traizio handirik egin dudanik», esan zuen. Beste aldetik, obrak hizkeraren bidez irudikatzen duen XVI. mendeko giroa errespetatzea funtsezkoa zen. «Nola eman testuari zahar kutsu hori? Batuaren zentralitatetik bazter samarrean geratu den euskalki bat erabil nezakeela pentsatu nuen. Zuberera? Horretan ari nintzela, Bilbok garai hartan Brujasen izan zuen kontsuletxe hartako norbaitek Ulenspiegel ezagutu zezakeela bururatu zitzaidan. Eta neure buruari argudio hori emanda, euskalki hori bizkaiera izan zitekeela erabaki nuen. Noski, nobela batuan dago, baina bizkaieraren kutsu handi batekin».

M.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo