GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Pilar Redondo Garcia 0-3 Plataformaren izenean

Dekretu berriaren ikuspegiak 0-3 zikloan

Gizarte honetan haurrak garrantzitsuak baldin badira, ezin dugu onartu nafar Gobernua hiru urte baino gutxiagoko hiritarren heziketaz ez arduratzea. Gizakiek, jaiotzen direnetik, badute heziketarako eskubidea

Nafarroako Erkidegoan, Haur Hezkuntzako 1. zikloa arautzen duen eta hori zabaltzen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak ezartzen dituen 28/2007 martxoaren 26ko Foru Dekretua 2007ko maiatzaren 4an NAOn argitaratu zen.

Arautu gabeko sektore hau erregulatzeko edozein saiakerari laudagarria deritzogu eta eskertu nahi dugu Nafar Gobernuak egindako ahalegina. Baina emandako urratsa nahikoa ez dela pentsatzen dugu.

Nafarroako 0-3 ziklo hezitzailearen aldeko plataforma osatzen dugunok, funtsean, bi gauza espero genituen. Alde batetik, Hezkuntza Departamentuak hiru urte baino gutxiago duten haurrak eskolatzen dituzten ikastetxe guztiak bete beharreko baldintza minimoak arautzea eta, beste aldetik, baldintza horiek duinak izatea haurtzaroan gara daitezkeen ahalmenak ziurtatzeko.

Dekretuak ez du betetzen ez bata ez bestea. Ondoren aztertuko dugu zer esaten duen.

Egia da Dekretua oso ongi hasten dela, eta oso positiboak diren baieztapenak egiten dituela. Azkenean, Administrazio publikoak, Nafarroako Gobernuak, koherenteki, sektorea arautuko zuela zirudien.

Baina Dekretua, Nafarroako ikastetxe batzuk arautzera besterik ez da ausartzen: Haur Hezkuntzako Lehen Ziklokoak deitzen dienak. Horrela, establezimendu hezitzaileak eta ez-hezitzaileak bereizten ditu, eta hau legearen kontrakoa dela uste dugu. Denak, salbuespenik gabe, hezitzaileak izan behar baitira.

Horregatik Foru Dekretu honen aurkako helegitearen aurkezpena bultzatu dugu, gizakien oinarrizko eskubide bati, kasu honetan heziketarako eskubideari, erasotzen baitio.

Aipatutako artikulua zuzentzen ez bada, egoera larria izango da. Horrek esan nahi du badaudela, eta aurrerantzean ere egongo direla, kontrolik gabeko eta hezitzaile izateko asmorik ez duten establezimendu batzuk. Badakigu, historikoki, ez dela izan inolako erakunde publiko eskudunik haurrentzako aisia, arreta edota zaintzarako deitzen diren zerbitzu edo establezimendu horietaz arduratzen denik.

Dekretu honek, desegokiro, heziketa, arreta eta zaintza bereizten ditu. Horrek esan nahi du haur batzuek heziketa jasoko dutela eta beste batzuek zaintza. Zein zorte txarra batzuentzat! Bigarren taldekoek ezingo dituzte beren ahalmenak garatu ikasteko gaitasunean oinarrituriko etapa horretan eta gizakien garapenerako erabakigarrienak diren aurrerapen ebolutibo esanguratsuenak izaten diren aro horretan.

Haurrak garrantzitsuak baldin badira gizarte honetan, ezin dugu onartu nafar Gobernua hiru urte baino gutxiago dituzten hiritarren heziketaz ez arduratzea. Ezin dugu ahaztu, errepikatu egiten dugu: gizakiek, jaiotzen direnetik, badute heziketarako eskubidea, gizaki guztientzat oinarrizko eskubidea da.

Era berean, sektore horretan Administrazio publikoak zuen kontrol eta arautegi ezagatik planteatu zitzaizkion kexen aurrean, Nafarroako Arartekoak 2007ko urtarrilaren 31n bidalitako txostenean erantzuten du gai honi buruz. Txosten horretan aholkatzen du establezimendu guztiei eskatu behar zaiela gutxiengo betebeharrak, kalitatezko arreta hezitzailea ziurtatzeko.

2006ko urtarrilean Dekretua ez zegoen onarturik. Behin testua onartuta, Nafar Gobernuak aukera historiko bat galdu du Arartekoak azpimarratzen eta guk eskatzen jarraitzen ditugun eskubideak oroitzeko eta praktikan jartzeko. Espero dugu auzitegiek behartuko dutela egoera injustu hau zuzentzera.

Nafarroako Gobernuak, egoera hau gainditzeko ziur aski, akordio bat egiten du; bertan azaltzen du aipaturiko Haur Hezkuntzarako Lege Organikoan agertzen diren bi betebeharrak, proposamen pedagogikoa izan eta pertsonal kualifikatua izan, ulertu behar da, eskatzekoa soilik dela, beren hezkuntza eskaintza urte betekoa ez bada ziklo honetan. Modu horretan, Nafarroako Gobernua, Hezkuntza Ministerioaren anbiguotasun eta perbertsio berberean sartzen da, biok haur guztiek hezkuntzarako duten eskubidea traizionatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo