GARA > Idatzia > Kirolak

Santurtzin eta Biarritzen amerikar futbolaren distira guztia zuzenean jarraitu daiteke

Amerikar futbola Ameriketako Estatu Batuetako kirol nagusia da, baina Euskal Herrian ere badaude kirol honetan aritzen diren taldeak. Gaur egun, Santurtziko Coyotes eta Biarritzeko Atlantes taldeek jokatzen dute kirol honetan, eta aurrera begira biak itxaropentsu daude.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Amerikar futbola Euskal Herrian ere jokatzen da. Zoritxarrez ez dira jokalari gehiegi, eta agian ez du izango orain dela urte batzuk izan zuen distira, baina adituen esanetan, berriro ere indarra hartzen ari omen da, eta etorkizunean ere jarraipena izatea itxaroten dute.

Amerikar futbola telebistan asko ikusi izan dugu. Gaur egun, oso erraza da Ameriketako Estatu Batuetako Ligaren gorabeheren berri izatea satelite bidez, astebururo zuzenean ematen baitira partidak. Euskal Herrian ere badago kirol hau egiten duen talderik eta jenderik.

Une honetan, ofizialki jokatzen duten taldeak bi dira. Santurtziko Coyotes taldea eta Biarritzeko Atlantes. Lehena, Espainiako Ligako Bigarren Mailan ari da, eta bestea, berriz, Frantziako Ligako Hirugarren Mailan. Gero, elkarren artean, Euskadiko onena zein den erabakitzen dute, norgehiagoka jokatuz. Orain bi hauek izan arren soilik, lehen beste batzuk ere jokatu izan dute.

Bietan zaharrena, Atlantes da. Dagoeneko 21 urte bete ditu, eta errugbiak horrenbeste indar duen leku batean, tankerako kirol batek bizirik jarraitzeak ez du meritu makala. «Kirol hau maite genuen hamabi pertsona hasi ginen. Taldea osatu genuen, babesleak, eta jokatzeko lekuen bila hasi ginen. Hastapen hartan, inork ez zuen uste aurrera egingo genuenik, baina 21 urte bete ditugu, eta aurrera egiten jarraitzen dugu», dio, Charles Leguillouk, Atlanteseko ordezkariak.

Hala, 60 jokalari dituzte orain taldean. Hauetako 40 helduen mailakoak dira, eta besteak, gazte mailakoak. «Hemen denak amateurrak dira, eta jokalaririk gehienak lapurtarrak dira. Landesetako bakarren bat badago, baita gipuzkoarren bat ere, baina denak ingurukoak», dio.

Une honetan Hirugarren Mailan ari dira jokatzen, baina gorago egiteko aukerak ere badituzte: «Frantziako Ligan lau maila daude. Elitea, Bigarren Maila, Hirugarrena eta Laugarrena. Guk jokatu dugun mailarik gorena, bigarrena izan da. Aurten ere badugu bertara iristeko aukerarik. Paueren aurka jokatuko dugu hilaren 23an, eta hura irabazten badugu, igoera fasea jokatuko dugu», dio Leguillouk. Hori bai, Bigarren Mailan jokatzeko, diru asko behar dela onartzen du.

Hamar urte

Coyotes, Santurtziko taldea, berriagoa da, hamar urte baititu. Bizkaitarrak ere gustura ari dira kirol hau egiten, eta une honetan egoerak hobera egin duela ikusten du. Izan ere, aurreko hamarkadan, kirol honek gorakada handia izan zuen, baina gero erabat desagertu zen komunikabideetatik. Badirudi, baina, berriro agertzeko moduan dela.

«Garai hartan babesle indartsu bat zuen Ligak, eta indar handia eta dirua eman zion Ligari. Hark uztean, ordea, denak behera egin zuen, eta nahiko ahul ibili da. Badirudi, berriro ere indarra hartzen ari dela, eta uste dut gorako joera ere baduela», dio Iñigo Aristegik, Coyotes taldeko ordezkariak.

Helduen talde bat, eta gazteen beste bat dute, une honetan, eta 40 lizentzia inguru dituzte. «Era guztietako jendea etortzen da jokatzera. Asko futboletik datoz, eta badago bakarren bat futbolean dirua irabaziz joka lezakeena, eta hemen ezer irabazi gabe ari dena. Gero, borroka arteetatik ere jende ugari etortzen da. Entrenamendu bat edo beste egin, eta uzten duenik ere badago. Zenbaitek uste du, horrenbeste traste gorputzean jarriz ez dela minik hartuko, baina gero, horrela ez dela ikustean, utzi egiten dute», dio Aristegik.

Errugbia da amerikar futbolarekin itxurarik handiena duen kirola, baina ezberdintasun asko daude: «Errugbian, lan fisiko asko egin behar da, hemen aldiz, azkartasuna, eta berehalako bizitasuna behar da», dio Aristegik. Izan ere, kirol honetan dena hausnartuta egon ohi da, aurrez landutakoa bakarrik egiten da, ez dago inprobisaziorik: «Hemen aurretik pentsatutakoa egiten da. Gero, batzuetan ongi, eta besteetan gaizki atera liteke, baina ez da beste kirol batzuetan bezala, nahiz eta taldean landu, gero partidaren arabera egiten direla gauzak. Hemen ez dago inprobisaziorik.», dio Iñigok.

Amerikar futbolean, jokaldi bat amaituakoan, jokoa gelditu egiten da, hurrengo jokaldia prestatzeko. Hitz egin eta erabakitakoa betetzen da. Taldeak ere handiak dira. Nahiz eta hamaikak jokatzen duten, erasoko jokaldia denean, erasoko jokalariak zelairatzen dira, eta defendatu behar denean, berriz, atzean lan egiteko hamaika jokalari zelairatzen dira. Guzti horrek jokoan eten asko, agian gehiegi, sortzen ditu, baina horrelakoak dira amerikarren gustuko kirolak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo