Erabil dezatela kriminologia torturak frogatzeko
Espainiar Poliziaren zerbitzu zientifikoek Barajasko T4 terminala suntsitu zuen bonba jarri zuen pertsona ezin dutela identifikatu jakinarazi dute. Alegia, atxiloturik zegoen garaian komunikabide guztietan Mattin Sarasola balitz bezala identifikatu zuten pertsona ezin dutela irudietan oinarrituz zientifikoki nor den esan. Ondorioz, irudietakoa Sarasola dela esateko duten froga bakarra berak komisarian egindako deklarazioa da. Zantzu guztien arabera -gainera, kasu honetan zantzuak argiak eta publikoak dira- torturapean lortutako aitorpen batetaz ari gara.
Igor Portu atxiloketa garaian jasandako kolpeen ondorioz ospitalean zaindu behar izan zutenetik espainiar Gobernuaren, Poliziaren, komunikabideen eta kasuko epailearen kezka nagusia torturek atxilotuen erruduntasuna kinkan ez jartzea izan zen. Jokabide hori harrigarria da, espainiar Estatuan torturari buruzko epaia beste epaiaren ondoren eman daiteke-eta. Alegia, kondena zaitzakete, eta hortik urteetara torturatua izan zinela froga daiteke, aurreko epaian inongo eraginik izan gabe.
Nolanahi ere, azken filtrazio polizial honen harira bestelako eskaera ere egin liteke: erabil ditzatela zientzia eta kriminologia Sarasolari, Porturi eta beste guztiei egindako torturak frogatzeko, eta ez, hain zuzen ere, behin eta berriz tortura horien frogak ezkutatzeko.