Guerrero, zuri-gorrien belaunaldi baten ikurra
Manex ALTUNA
Athleticetik bota du Julen Guerrero joan den astean Fernando Garcia Macuaren Zuzendaritza Batzak. Ez diote barkatu hauteskundeetan beste hautagai batekin aurkeztu izana eta, batez ere, beraien proposamenari ezetz esan izana.
Izan ere, komunikabide gehienek ezkutatzen duten arren, Garcia Macuak Guerrerori bere hautagaitza babesteko eskaini baitzion. «Txato» Nuñez eta Daniri ere bai. Eta onartu ez zutenez, kanpora. Romak ez ditu traidoreak ordaintzen. Horien lekua babesa eman ziotenek hartu dute.
Hala ere, Julen Guerrerok Athleticentzat suposatu duena kontratu bat baino askoz gehiago da. Euskal futbolean eta batez ere, talde zuri-gorriaren zaleen artean, gazte belaunaldi batentzat, ikurra izan da.
1990ko hamarkadako euskal jokalaririk mediatikoena izan da agertu zenetik. Oraindik gogoan dut Lehen Mailan jokatu zuen lehen partida. San Mamesen izan zen Cadizen aurka. Juup Heynckesek eman zion aukera, 18 urterekin. Valencia atezainarekin eta Carlos Garciarekin batera. Erantzuna berehalakoa izan zen.
Zaleek ilusioa berreskuratzea eragin zuen, eta gazte askori Athleticen filosofian sinesteko balio izan zion. Harrobiko jokalaria, Europako talde indartsuenen arreta piztu zuena. Bilbon geratu zen. Azkenaldian behin eta berriz esan da Athleticek bere historiako urterik «beltzenak» bizi dituela, baina Guerrero agertu aurreko sasoia ere gogorra izan zen. Sailkapenaren atzealdean zebilen taldea, eta Ezkerraldekoak golak sartzeko eta sortzeko zeukan erraztasunak gorantz bultzatu zuen.
Bere ile horailak, gaztetasunak eta umiltasunak egin zuen beste guztia. Txapeldunen Ligarako sailkapena izan zen bere «titulu» bakarra. Palmares eskasa Zarra, Gainza edo Iribarrekin alderatuz, baina zale zuri-gorri askorentzat bere lekua izango du historian.