Foncalanteko espetxeko euskal presoek borrokaldia abiarazi dute jasaten ari diren tratua alda dadin
GARA |
Askatasunak jakinarazi du Foncalant-eko espetxean dauden euskal preso politikoek borrokaldia abiarazi dutela presondegian pairatzen duten egoera salatzeko.
Antolakunde honek ohartarazi duenez, gero eta euskal herritar gehiago espetxeratzen dute Alacanten kokatzen den espetxe horretan, eta bertako bizi baldintzek okerrera egin dute nabarmen. «Egun muturrekoak diren egoerak ari dira gertatzen, bakartze egoerei loturikoak, batez ere», jakinarazi du errepresioaren aurkako antolakundeak.
Bikotekidearekin batera egon daitezela ukatzea; gutun kopuruetan mugak jartzea; lagunen bisitak izan ditzatela eragoztea, inolako azalpenik eman gabe; edota konfiantzazko medikuekin egoteko aukera debekatzea dira, besteak beste, Foncalenteko espetxean dauden presoek jasaten duten tratuaren adibide, azaldu duenez.
Halaber, kartzelatu berri diren pertsonak sarrerako moduluan izaten dituztela adierazi du. «Hasiera batean egun batzuetako kontua dela esaten duten arren, ondoren luzatu egiten dira epeak, oso balditza kaxkarretan egotera behartzen dituztelarik», kritikatu du.
Askatasunaren ustez, bakartze politika da, argi eta garbi, espetxe honetan bultzatzen ari direna, horretarako hainbat aitzakia eta trikimailu baliatuz.
Izan ere, errepresioaren aurkako erakunde honek adierazi duenez, presoen klasifikazioak baliatzen dituzte, eta horren arabera mugitzen dituzte moduluetan, guztia «euskal presoen aurkako bakartzea politika» areagotzeko.
Gose greba egiteko prest
Egoera hau denbora luzeagoan jasateko prest ez daudelako, Alacanteko espetxean kartzelatutako euskal herritarrak borrokaldia abiarazi zuten astelehenean. Egun horretan hasita, espetxeak ematen dien janariari uko egiten diote. Askatasunak ohartarazi duenez, heldu den igandera bitartean eutsiko diote jarrera horri.
Bestalde, honako protesta ekimen honen bidez beren egoerak hobera egitea lortzen ez badute, neurri gogorragoak iragarri dituzte. Hain zuzen ere, Askatasunak aditzera eman duenez, Foncalenteko espetxean dauden euskal preso politikoak gose greba mugagabe bati ekingo diote.
Alacanteko espetxe honetan daude espetxeratuta Endika Abad, Kondo Alaña, Eder Ariz, Xabier Arregi, Irkus Badillo, Jon Bilbo, Fernando Del Olmo, Ugaitz Elizaran, Mirian Campos, Nerea Garro eta Agurtzane Izarza.