Gazte Topagunearen aurkezpena egin dute Torinon, Bartzelonan eta Madriden
GARA |
Kamaradak Gazte Internazionalista Sareak, bihar hasi eta igandera bitartean Lezon egingo den Gazte Topagunearen aurkezpena egin du Torinon, Madrilen eta Bartzelonan.
Ez hori bakarrik, bertan bizi diren hainbat euskal gaztek parte hartu dute ekimenetan, «Euskal Herriak eta beste herrialdeak komunean dituzten arazoez eztabaidatu baitute, besteren artean, AHTren, etxebizitza arazoaren eta Bologna prozesuaren gainean. «Internazionalismoa hartu-emana da, eta hori izan da ekimenen ardatza», nabarmendu dute sareko kideek ohar batean. Halaber, «Kapitalismoaren ofentsiba globala» izanik, honi eman beharreko erantzuna ere modu berekoa izan behar du, horien iritziz. Helburua, adierazi dutenez, «Gazte Topaguneari kanpo proiekzioa emateaz gain, beste herrietan bizi diren borrokak konpartitzea » izan da.
Torinon esate baterako, «Gazte Mugimendua Italian eta Euskal Herrian» leloarekin jardunaldiak egin dira eta Kamaradak sareko kideek ez ezik, CSOA, CSA Murazi, CUA eta Studenti autoorganizatutako kideek parte hartu zuten.
Bartzelonan Abiadura Handiko Trenaren gainean eztabaidatu zuten batez ere, eta ondorio gisa adierazi dute, guztiek ere nabarmendu dutenez, «garraiobide, lurralde egitura eta gizarte ereduari buruzko sakoneko eraldaketa bat behar dela» .
Azkenik Madrilen Gazte Topagunearen ezaugarri eta egituran sakondu dute batez ere, nazioarteko egoera aztertzearekin batera.