Lezoko Gazte Topaguneak hamaika gazteri independentziaz gozatzeko parada emango die
Gazte Topagunearen zortzigarren edizioa aurki hasiko da. Duela hamalau urte Etxarrin abiatu zen dinamikari Lezok hartuko dio orain txanda. Han, Euskal Herriko milaka eta milaka gazte elkartuko dira -baita mundu osoko dozenaka batzuk ere-, independentzia dimentsio guztietan eraikitzeko, dastatzeko, bizitzeko eta, batez ere, gozatzeko.
Batzuek, gurasoen atzaparretatik ihes egin ondoren, lehendabiziko aldiz biziko dute esperientzia hori. Beste batzuek, ordea, enegarren aldiz adinaren mugak hautsi, eta nerabeen pare ibiliko dira lau egunez. Gazte horiek guztiek eztabaidan, esperientzien trukaketan eta, zergatik ez, parrandan, kultura militante propio baten osagai desberdinak nahastu, eta aurrekoaren zaporedun, baina aldi berean originala den «edari magikoa» osatuko dute. Batzuek Asterixen edabearen zaporea hartuko diote, beste batzuek Evaristoren «adimena» ikusiko dute hor.
Topaguneak gazte mugimenduaren erakusleiho bihurtu dira eta, aldi berean, mugimendu horren osasuna aztertzeko adierazlerik argienetako bat dira. Aurtengo ekimenaren aniztasunak eta kalitateak gazte independentistak osasuntsu daudela erakusten du.