GARA > Idatzia > Pilota

Bigarren Mailako Binakako Txapelketa

Hiru txapeldun lehiatuko dira bihar zilarrezko finalean

Retegi Bik eta Argotek iazko txapela defendatuko dute Labriten 2006. urteko txapeldun Arretxe II.aren aurka. Luzaidekoak Eskudero izango du bikotekide.

p048_01_97x104.jpg

Aritz SORZABAL | IRUÑEA

Binakako Txapelketa nagusia baino geroxeago hasi arren, Bigarren Mailakoaren finala bihar jokatuko dute Labriten (16.15), Ogetako hitzordua baino astebete lehenago. Iazko txapeldun Julen Retegik eta Jokin Argotek Iker Arretxeren -2006. urtean, txapeldun- eta Iñaki Eskuderoren aurka jokatuko dute. Hiru txapeldun bilduko dira Iruñean, Eskudero baita zilarrezko Binakakoa irabaztea zer den ez dakien bakarra. Txapeldunordea izan zen 2005ean, Iñigo Leiza bikotekide zuela, Aratz Mendizabal eta Aritz Beginoren aurka galdu ostean (22-13).

Txapeldunen arteko lehia ez ezik, lagunen artekoa ere izango da. Hain zuzen ere, Eratsungo bi pilotari arituko dira aurrez aurre: koadrila bereko Eskudero eta Retegi, alegia. «Afizionatuetan partida asko jokatu ditugu Iñakik eta biok, baina lehenengo aldia da txapelketa ofizial bateko finalean aurkari izango garena», adierazi zuen Retegik material aukeraketan. Aurrean izango duten bikotea oso indartsu dagoela nabarmendu zuen ondoren. «Txapelketan gu baino emaitza hobeagoak lortu dituzte, baina txapelak janzteaz nekatzea ez da erraza. Larunbatean berriro txapeldun banaiz, bikain ospatuko dut», erantsi zuen aurrelari nafarrak.

Eskuderok, aldiz, Eratsunen den giroaz hitz egin zuen. «Jendeari ez zaio axola bietatik nork irabaziko duen txapela. Biok ondo joka dezagun nahi dute, baita partida on bat ikusteko aukera izatea ere. 22-21eko emaitzarekin bada, askoz hobeto», gaineratu zuen.

Zubieta, Buruz Burukoan

Binakako Txapelketa alde batera utzita, nabarmentzekoa da Aitor Zubietak Lehen Mailako Buruz Buruko txapelketa jokatuko duela, Aspek sailkapena lortzeko beste atariko partida bat jokatu behar zuela erabaki arren. Hain zuzen ere, Asier Berasaluzeren aurka aritu behar zen Buruzko Burukorako txartela lortzeko, baina Berrizkoak partida hori ez jokatzea erabaki du bere burua ez duelako behar bezala ikusten. Lau hilabete geldirik egotea eragin zion bizkarreko zuntz hausturaz osatuta dagoen arren, konfiantza falta omen zaio bizkaitarrari.

Zubietak Galarza VI.ari irabazi zion joan den astean (22-20) Buruz Buruko atariko lehen partida zela-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo