GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Marruak, balakak eta kexu isilak

Azkenaldion baserria nahasi samar dabil. Azeriz mozorrotutako ardiak bee egin dio joaldunari eta hark ez dio marrurik egin nahi izan. Ez baita horren erraz artegatzen. Baina marru eta balaka artean, metafora artean, metaforatik gutxi duen marroa ia oharkabean iraungi da. Ez dakit José Bono espainiar Kongresuko presidentegaiak Josu Erkoreka jeltzalearen erantzuna eragin zuten adierazpenak pentsatu gabe ala ondo hausnartuta egin zituen. Beharbada nazionalistak (espainiarrak izan ezik) telefono aurkibidearekin joko lituzeelakoa ez dugu hitzez hitz ulertu behar, irudizko adieran baizik. Beharbada. Izan ere, ni ikusita nago zenbait euskal atxilotu soilgune handi bat buruan, haragi bizian, ministro ohiak nazkatzeraino goresten dituen polizia erakundeen eskuetatik pasatu ondoren. Izenak ere eman nitzake, eta eurek, urte asko igarota ere, metaforaren aztarna erakutsi, zenbait kasutan oraindik osatu gabea. Garai batean behintzat ohikoa zen etxe horietan atxilotuei Bono kristau eredugarriaren tratamendua ematea; telefono aurkibideaz ilea, buru-azala eta odola erauzi arte behin eta berriz jotzea, hain zuzen. Espainiar izan eta ez jakiteak dakartzan buruhausteak.

Eta hedabide serioek -serioegi ez agertzeko, nonbait-, marroak eta balakak eskaintzen dizkiguten bitartean, bakarren batek haien arretarik merezi ez duten kontu bitxiak argitaratzen ditu noizbehinka. Astelehenean egunkari honetan irakurri genuen gaur egungo euskal preso politikoen kopurua 1969tik handiena dela. Bitxikeria hori, ordea, telefono aurkibidea gomendatzen dutenek harro egoteko motibo dute. Zigorra bete duten presoak espetxean atxikitzea bezala, gaixotasun larriak dituztenei askatasuna eta sendabide egokia ukatzea bezala.

Telebistak, mundua ikusteko omen, baina mundua ikustea eragozten duen leiho horrek eskaintzen dizkigun marru eta balakak zaratatsuak dira, eta, gainera, barre algarak eragiten dituzte; baina une batez telebista itzaltzen badugu, Gotzone Lopez de Luzuriagaren, Angel Figeroaren, Agurtzane Izartzaren eta beste hainbaten kexu isilak gorgarriak gertatuko zaizkigu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo